Durangoko txosna batzordeak pozik hartu du Txosnagunea Kurutziagan izateko erabakia

Markel Onaindia 2017ko ira. 6a, 11:27

Hilabete pasatxo falta da San Fausto jaiak ailegatzeko, eta udalaren eta Txosna batzordearen akordioaren ostean, argitu da Txosnagunearen kokalekua zein izango den: Kurutziaga kalea. Udaleko ordezkariek esan dute inguruko auzokideekin batzartuko direla eraginen inguruan berba egiteko; "lehenbailehen" izango  da hori, momentuz batzarrerako datarik ezarrita ez badago ere.

 

 

Txosna batzordeak pozik hartu du euren gunea Kurutziagan muntatzeko erabakia. "Pozik gaude hartutako erabakiagaz, gure baldintzak betetzen dituelako", esan dute kideek. Alde Zaharreko jai girotik hurbil egotea, gune ireki bat izatea eta pertsona guztientzako erosoa edo irisgarria izatea izan dira euren baldintzetako batzuk. 

Iazko jaiak amaitu eta lasterrera hasi zen batzordea udalagaz harremanetan. "Argi daukagu Pinondo dela gure gune naturala, baina  posible ikusten dugu txosnek beste leku finko batzuk edukitzea eta urterik urtera txandakatzea. Ez dugu nahi udalagaz urtero borrokan ibiltzerik lekua dela eta", azaldu dute txosnetakoek.

Duela bost urte, Kurutziagan, batzordea gustura azaldu zen. Baina, polemika sortu zen auzokideak egun gutxiren faltan enteratu zirelako, eta anbulantzia batek gunean sartzeko arazoak izan zituelako.

Duela dozena bat urtera arte Pinondo izan zen txosnen leku finkoa, baina udalak txandakatzea erabaki zuen, auzokideen mesedetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!