Aurtengo San Fausto jaietan Kurutziaga kalean ipiniko dute Txosnagunea, udalak eta Txosna batzordeak akordioa lortu ostean. Ostera, inguruko asko ez daude ados. Auzokide eta merkatari batzuek kexa azaldu dute, eta orain Astarloa nagusien erresidentziako ordezkariek agertu dute kezka. Gaueko zaratak bertan bizi diren 48 nagusiengan eduki dezakeen eraginak arduratzen ditu.
Horrez aparte, zuzendariak azaldu du pertsona zaharretako bat astean birritan anbulantzian joaten dela ospitalera, 07:00etan, eta arduratuta galdetu du ea zer gertatuko den horregaz. Duela bost urte kalean sartzeko arazoak eduki zituen anbulantzia batek.
Egoeraren inguruko informazioa eskatu dute. "Udaletxera gutuna bidali dugu, baina ez dugu erantzunik jaso", esan du Landetak. Aldundira jo dute orain, horrelako kasuetarako arautegirik ba ote dagoen galdetzeko.