Durangoko tren geltokian akatsak daudela onartu du Oregi sailburuak

Anboto 2016ko mai. 3a, 14:08

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak eskatuta, agerraldia egin du Ana Oregi sailburuak. "Berehalako inbertsio" batzuk iragarri ditu, geltokiko sarbideak hobetzeko asmoz. Libre geratutako orubearen urbanizazioa ere "epe laburrean" hasiko dela aurreratu du.

Maeztuk gogoratu du Durango Operazioaren baitan trena lurperatzea, eta geltoki berria, Euskotrenen egoitza eta 600 etxebizitza egitea aurreikusi zela. "Egoitzarik ez dago, etxerik ere ez, eta dagoen gauza bakarra, irisgarritasun ikuspegitik arazoak sortzen dituen estazio berri bat da". Sarrera nagusia malda handikoa eta labainkorra dela salatu du parlamentari durangarrak, eta euria egiten badu, egoera okertzen dela. "Pertsona nagusientzat oso arriskutsua da". Izan ere, estali bako sarrera da aipatzen duena. "Durangon askotan egiten du euria", ohartarazi du. Bestalde, igogailua urrun dagoela eta komuna topatzea ez dela erraza kritikatu du Maeztuk.

Oregik azaldu du geltokiaren egoera "behin-behinekoa" dela, eta akatsak dituela onartu du. Horiek konpontzeko, "beheralako neurriak" iragarri ditu. Adibidez, alfonbra, bandak eta seinaleztapena hobetzea. Horrez gainera, udalak ingurua urbanizatzeko hirigintza plana aurreratuta daukala esan du Oregik: "Epe laburrera, urbanizazioaren lehen faseari ekitea aurreikusten dugu".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!