Hasi da tren geltoki zaharreko garaje eta tailerrak botatzeko obra

Anboto 2015ko mar. 4a, 14:51

Ana Oregi sailburua, Antonio Aiz sailburuordea eta Aitziber Irigoras alkatea geltoki zaharreko kotxetegien eraistea bisitatzen egon dira. Datorren astean ekingo diete lehengo trenbidearen azpiegitura kentzeko lanei.

Urte bi baino gehiago pasatu behar izan dira trenbidearen lurperatzearen ondorioz funtzio barik geratu ziren geltoki zaharreko instalazioak kentzen hasteko. Eusko Jaurlaritzak irailean lizitatutako proiektua martxan dago; garaje eta tailerrak botatzeko obra hasi da, eta datorren astean ekingo diete trenbidearen azpiegitura kentzeko lanei. 835.000 euro erabiliko dituzte obra garatzeko, eta Murias eta Tecsa enpresek dute lanen ardura. Bost hilabete barru, espazio guzti hori libre geratuko da; 62.000 metro karratuko eremu erabilgarria irabaziko du Durangok.

Duela egun gutxi hasi ziren beharginak garaje edota kotxetegien txapa metalikoak eta estalkiak kentzen. Gaur, ostera, tailerretako hormigoia botatzen hasi dira hondeamakinekin. Hain justu ere, obrak bisitatu dituzte Ana Oregi sailburuak, Antonio Aiz sailburordeak eta Aitziber Irigoras alkateak. Egitasmoak, Durangorako aukera berriak ekarriko dituela azpimarratu du alkateak: “Kotxetegien eraistea, Durangon bizitzen ari garen aldaketaren eta etorkizunaren sinboloa da”.

Oregi sailburuak gogoratu du eraisketaren obra Durango Operazioa-ren baitako beste pauso bat dela, trenaren lurperatzeari jarraituz. Hurrengo pausoa, libre geratzen den espazioan zer egin erabakitzea izango da. Aisialdi gunerako 37.000 metro karratu daude, eta skate gunea, anfiteatroa eta parkea egitea proposatu zuten Bildu eta Aralarrek. Bestalde, hasieran aurreikusitako EuskoTrenen egoitza eta eliza ez dira egingo, eta ikusteko dago zer gertatuko den luxuzko bost etxe dorreekin. Bestalde, ikasleekin egindako partaidetza prozesu batean trenbidearen trazatuan parke lineal bat sortzea ondorioztatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!