Geltoki berriaren gaia Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) baitan aztertuko dute, gaur erabaki dutenaren arabera. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk HAPO ikusten dute eztabaida eta ikerketa emateko bide egokia, eta mozioan aldaketa hori egitea eskatu dute. Durangoko Udala aurten garatzen hasiko da plan hori, herrian aldaketa urbanistikoak ekarriko dituena. Gaurko mozioa ia aho batez onartu dute; PP abstenitu da soilik.
"Gaur egungo autobus geltokia ez zaigu duina iruditzen". Berba horiek erabili ditu Rosa Mintegik (EHB) mozioa aurkezteko. Durangon euria sarri egiten duela-eta, "aterpe gutxi" dagoela kritikatu du. Gainera, eserleku kopurua ere urria iruditzen zaio, eta bertan adineko pertsona ugari zain egoten dela esan du, batez ere Galdakaoko ospitalera doazenak. Bestalde, espaloia baxua dela adierazi du, eta autobusarengandik urrun geratzen dela. Inguruan beste zebrabide bat eskatu du gainera. Durangok 30.000 biztanle inguru dituela eta eskualde burua izanik, geltoki hobe bat behar dela uste du Mintegik, koalizioaren izenean berba eginda.
Aldundiagaz, aterpea dela-eta
Pilar Riosek (PSE-EE) azaldu du udal gobernua Aldundiagaz egon dela, aterpearen gaiari soluzioa emateko asmoz. Momentuz ez du neurririk aurreratu.
EAJk eta PSE-EEk bezala, Herriaren Eskubideak ere mozioa babestu du. Julia Pererak hitz egin du: "Garraio publikoa erraztearen alde gaude. Udalaren ardura da soluzioa ematea". PPko Fran Garatek abstentziora jo du: "EH Bilduk eskatzen duena dagoeneko badago azterketa fasean".
Onartu den mozioa kontuan hartuta, herritarren partaidetzagaz garatuko den plan orokorrean (HAPO) landuko da autobus geltokiaren gaia.