Proba egin dute gaur goizean Eubatik Traña-Matienarako tartean. Arriola garraio sailburuak adierazi du, esandakoa bete dutela, urtea amaitu aurretik zabaldu dutelako.
Prest dago Durangoko tren geltoki berria. Datorren astelehenetik aurrera lurpetik joango da trena, Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez. Prentsagaz batera Eubatik Traña-Matienarako tartea lurpetik egin du Arriola sailburuak, eta Durangora bueltatzean geltoki berria ikusi du. Esan du otsailean ere bertan egon zela, eta aurreratu zuela urtea amaitu aurretik zabaltzea espero zutela: "Esan dezakegu helburua beteko dela. Hainbeste urtez lan egin dugun obra hau emaitzak ematen hasi da, beraz".
Obraren helburua segurtasuna, irisgarritasuna eta erosotasuna lortzea zela esan du. "Obraren ondoriozko trabak jasan dituzte herritarrek, eta estazioa erabiltzera eta aprobetxatzera gonbidatzen ditut".
Durango Operazioa legez bataiatu zuten proiektua, eta gainazalean gertatuko dena airean egon arren geltokia funtzionamenduan egongo da. Traña-Matienako geltokia ere erabilgarri dago. Edozelan ere, badago oraindik lanik. Arriolak esan du datorren urtean eroango dutela trenen garajea Lebariora. Bestalde, geltokian bertan, gune komertziala eraikitzen hasi barik daude oraindik.
Aitziber Irigoras Durangoko alkateari zuzendu zaio Arriola, EAJtik egindako kritikei erantzuteko: "Ez du inongo justifikaziorik Patxi Lopezen gobernuak proiektua geldiarazi duela esateko. Obra hau ez da geldirik egon, alderantziz; Ibarretxeren gobernu sasoian 90 milioi euro inbertitu ziren, eta Lopezen agintaldian 110 milioi".