Durangoko tren geltokiaren eraikuntzan pauso berri bat eman da gaur. ETSren arabera, sarbide nagusia izango dena zabaldu dute Sasikoa kaletik. Horretarako, trenbide zaharraren tarte bat kendu eta bidea zabaldu dute. Orain arte, Ezkurditik zihoan sarrera eta Askatasun etorbideko igogailua ziren geltokira joateko bideak. Ezkurdikoaren kasuan, erabiltzaileek kexak ipini izan dituzte: eskailera aldapatsuak aterpe barik daude, eta euria egitean oso labainkorrak bihurtzen dira. Sarbide berrian eskailera mekanikoak ere badaude.
Gune komertzialari ere hasiera eman diote. BM superkatua zabaldu dute bertan, eta jende ugari ikusi zitekeen dagoeneko. 26 langile edukiko ditu 1.400 metro karratuko espazioa daukan dendak; obrarako 2 milioi euro erabili ditu enpresak. Beste komertzio batzuentzako lekua ere badago gune berean, baina oraindik ez dago besterik zabalik. BMn erosketak egiten dituztenek, lurpeko aparkalekuan doan utzi ahalko dute autoa.
Gainera, gune horretan komunak daude. Orain arte tren erabiltzaileek ez dute komunik eduki geltokian, eta horregaz lotutako kexak ere ugari izan dira.
Beste pauso bat da, beraz. Baina, trenbidearen lurperaketa bezala, esan baino beranduago dator.