Iltzez betetako saltxitxak jandako txakurren jabeei babes ekonomikoa emango die Durangoko Udalak

Anboto 2014ko eka. 30a, 10:25
Durandog elkarteak deituta elkarretaratzea egin zuten apirilean, udaletxe aurrean.
Joan zen astean iltzez betetako saltxitxak jan zituzten bi txakurren egoerak ezinegona sortu du Durangon. Joan zen barikuan Durandog elkartea eta Durangoko Udala batzarrean bildu ziren txakurren ordenantzaren inguruan eztabaidatzeko. Ezinbestean, txakurren kontrako erasoen inguruan ere berba egin zuten. Udalak kaltetutako bi txakurren jabeei babes ekonomikoa emango diela jakitera eman zuten txakurren jabeek batzarraren ostean.

 

Txakurren ordenantzaren inguruan ere, "aurrerapausoak" eman dituztela azaldu dute Durandogeko kideek. Txakurren jabeak kexu ziren, 1996ko ordenantzarekin, eta araudi berria sortzea eskatu zuten. Aldarrikapen hori kaleratzeko elkarretaratzea egin zuten orain hiru hilabete udaletxe aurrean. Udaleko plenoak aho batez onartu zuen aldaketa egitea. Hala ere, Durandog elkarteko kideek, ordenantza berria sortu eta indarrean jarri bitartean, behin behineko araudi bat eskatu zuen. Udalak orain aste batzuk aurkeztutako proposamenarekin ez zuten bat egin. Txakurrak askatu ahal izateko udalak bost berdegune proposatu zituen Durangoko kanpoaldean, gaueko 22:00etatik goizeko 10:00etara. Banpiroen ordenantza izena jarri zion elkarteak proposamenari.

Joan zen barikuko batzarrean, Durangoko berdeguneetan goizez 08:00etatik 11:00etara eta arratsaldez 20:00etatik 23:00etara txakurrak askatu ahal izatea izan zen udalaren proposamena. Durandogeko kideek proposamena ontzat eman zuten. Behin behineko araudia irailera arte egongo da indarrean. Bitartean, udalak ordenantza berria erredaktatu eta plenotik pasatu beharko du. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!