Durandog elkartea: "Haserre gaude; babes barik sentitzen gara"

Anboto 2014ko eka. 27a, 09:05
Barruan orratzak dituzten saltxitxak agertu dira Tabiran eta Santanosten. Durandog elkarteak animalien kontrako eraso hauez ohartarazi du.

Tabirako parkean jarri dugu hitzordua Durandog elkarteko kideekin. Elkarrizketarako elkarteko beste kide batzuen zain gaudela, udaltzainek bidearen beste aldean aparkatu dute, eta paretik pasa dira oinez. Tentsioa agerikoa da. Txakurrak lotuta daudenez, aurrera egin dute. Txakurren ugazabek diotenez, egunero bizi duten egoera da hori. Txakurren ordenantzaren eztabaidaren erdian, barruan orratzak dituzten saltxitxak agertu dira Tabiran eta Santanosten.

Orratzez betetako janaria agertzen dabil Durangoko berdeguneetan. Arduratuta zaudete?
Haserre gaude, eta babes barik sentitzen gara. Gure jarrera kontrolatzea, eta beste herritar guztiena ez, bidegabea dela uste dugu. Atzo bertan, Kilikolo elkartearen aurreko berdegunean orratza barruan zuten bi saltxitxa agertu ziren. Txakurarren jabea denboraz ohartu zen eta udaltzainen esku utzi zituen. Orain dela sei hilabete arratoiak hiltzeko pozoia agertu zen Tabiran, eta txakur berari eragin zion gainera. Kasu horretan pentsatu genuen, erreka ondoan izan zenez, agian ez zela eraso bat izango. Joan zen astean berriz, saltxitxak orratzez beteta agertzean, argi dago min egiteko izan dela. Jabe horrek txakurra lotuta eramaten du, eta horri esker, momentuz, garapena ona da.


Zerk bultzatu zaituzte txakurren inguruko ordenantzaren aldaketa eskatzera Durangoko Udalean?
Durangoko Landako Gunean ekitaldi bat dagoen bakoitzean udaltzainak etortzen ziren txakurrak ezin zirela solte egon abisua emateko. Kalera Rock musika jaialdiko asteburuan ere horrela egin zuten. Momentu horretan erabaki genuen udaletxeagaz hartu-emanean jartzea, araudia aldatzeko.


Zer pauso eman duzue udalean?
EAJko zinegotzi bategaz berba egin genuen, eta deitu ere egin zigun ordenantza begiratzen zeudela esatzeko. Hilabete inguru pasa zenean ez genuen aurrerapausorik ikusten, beraz, udaletxe aurrean kontzentrazioa egitea erabaki genuen. Handik astebetera udaletik deitu ziguten, gure proposamena udalbatzarrera eramango zutela azaltzeko. Osoko bilkuran ordenantza aldatzea aho batez onartu zuten. Hiru hilabete pasatu dira, eta ez dugu inolako erantzunik jaso. Ordenantza berria onartu bitartean behin-behineko araudi bat sortzeko eskatu genien. Ez dute horrelakorik egin, eta gure ohiko lekuetan txakurrak askatzen jarraitzen dugu. Udaltzainen jarraipena eta mehatxuak geroz eta handiagoak dira. 300 euroko isunak ere jarri izan dituzte.

Udalagaz batzartu zineten Elkartegian.
Udalak batzarrera deitu zuen Elkartegian, bando bidez, txakurren jabe zein beste edozein herritar bertan parte hartzera gonbidatzeko. Udalak bere araudi proposamena atera zuen. 100 lagun iguru gerturatu ginen batzarrera, eta  horietatik %95 txakurren ugazabak ginen. Argi gelditu zen ordenantzaren beharra sentitzen dugunok txakurren jabeak garela.

Zein da udalaren araudia?
Txakur banpiroen proposamena deitzen diogu. Udan txakurrak gaueko 22:00etatik goizeko 10:00etara ateratzea proposatu zuen, eta 21:00etatik 09:00etara neguan. Durangoko kanpoaldean dauden hainbat leku proposatzen ditu horretarako: hiltegiaren ondoko  parkea, Zuhatzola parkea, San Inazio auzunean errekaren parean doan bidea, Tabirako baselizatik Funsanera, pozoia agertu den lekua eta Abadiño dela esango nukeen Astolabidea, Sabecoren inguruan. 24 orduz zabalik izango genukeen lekua Astolabidea izango litzateke.

Zer deritzozue Durangoko Udalak mahai gainean jarri duen proposamenari?
Segurtasun aldetik proposamen txarra dela uste dugu. Alkateari ere esan diogu ea bere alaba bat edo ama parke horietako batera bidaliko lukeen ordu horietan. Era berean, higiene aldetik ere ez da egokia. Gaueko 23:00etan atera behar badut txakurra, eta parke batean kaka jaso behar badut, eta argiztapenik ez badago, zelan jasoko dut?   
 
Gasteizko Udalean txakurren inguruko legea aldatu dute. Lege hori erreferentzia da zuentzako?
Gasteizen legea aldatu dute, eta txakurrak %100 babesten ditu. Txakurra ezin da zortzi ordu baino gehiago lotuta egon. Ezin da ez balkoi, ez poste batean bera bakarrik lotuta utzi. Parkeetan askatzera eta kakak batzera derrigortuta daude ugazabak... Ez dugu ulertzen Gasteizko Udalean hain aldaketa handia egin izana, eta hemen aldaketa bat eskatzeko hainbeste buelta eman behar izatea. Lotsagarria da hedabideekin hartu-emanean jarri beharra udalak kasu egiteko, eta elkarretaratze bat egin beharra gu serio hartzeko. Herritar moduan gure eskubideak ditugula uste dugu. Ez daukat umerik, baina nire zergak umeen parkeetara ere badoaz. Gure beharrak ere kontuan hartzea nahi dugu.

Txakurren jabe ardurabakoen jarreren kaltea zuek ordaintzen zabiltzatela uste duzue?
Orokorrean, txakurra daukagunok nahiko zentzudunak garela uste dugu. Badakigu errespetuz jokatzen, eta arlo honetan sentsibilizazio lana egin beharko genuke, bai jabeen aldetik, bai txakurrak ez dituztenen aldetik.  

Durangogeko kideok zer eskatzen duzue?
Udalaren proposamenaren aurrean guztiz kontrakoa planteatu genuen; hau da, Durango kanpoaldean dauden parkeak 24 orduz zabalik izatea txakurrentzat, eta herriguneko parkeetan ordutegia jartzea. Aste bitartean, ordu batzuetan parke hauek hutsik egoten dira. Ez dugu eskatzen guk nahi duguna egitea, zentzuzko arauak sortzea baino. Zentzuz jokatu dezagun, bai guk, bai beste herritarrek, bai udaltzainek. Babestuta sentitzeko ordutegi bat eskatzen dugu, beste herritarren erasorik ez jasateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!