Parke eta lorategiak okupatzeko deia egin du Durandogek

Anboto 2014ko eka. 23a, 10:15
Txakurren kontrako erasoak salatu ditu txakurren jabeen elkarteak. Barruan orratzak dauzkaten saltxitxak topatu dituzte Tabiran, eta txakur batek gutxienez kalteak izan ditu jateagatik.

Durandog mugimendukoek protesta deialdia egin dute erasoei erantzuteko: "Jabe guztiei ahalik eta parke eta lorategi gehien okupatzeko deialdia luzatzen diegu". Gune horiek txakurrentzat erreibindikatzeko neurri lez ikusten dute protesta. Erasoez gainera, udalaren partetik presioa jaso dutela diote, "txakurren beharrei aurre egite hutsagatik".

"Ez gaituzte botako, ez gaituzte kikilduko". Mezu hori zabaldu dute txakurren jabeek. Apirilean hasi ziren mobilizatzen, euren egoerari soluzio bat ematea eskatuz. Legea betetzea gura dute, txakurrek solte ibiltzeko berdegune batzuk zehazteko. Berdegune bat ezin bada horretara guztiz bideratu, behintzat ordutegi batzuk ezartzea gura dute. Udala kritikatu zuten protestetan, hileetan zehar tratuan ibili arren ez zietelako soluziorik eman.

Udalbatzarrean gaia landu zen gero, batzorde bat sortu zen, eta tailer zabala ere egin zuten txakurren jabeekin. Baina, ez daude hasierako proposamenagaz gustura, ordutegia gauez delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!