Bigarrenez mobilizatu dira udalari tratua euskaraz eskatzeko

Anboto 2014ko eka. 13a, 13:58

EHEk deituta, berriro ere kontzentrazioa egin zuten eguaztenean udaletxe aurrean, udala eta herritarren arteko hartuemanetan euskara erabiltzeko. Eskaerak aurkeztu zituzten hainbat herritarrek, eta erantzunik jaso ez dutenez mobilizatu dira.

Oraindik ez dute udalaren erantzunik jaso, eta horrela segitu bitartean mobilizatzen jarraituko dutela esan dute EHEkoek. Euren arabera, udaleko zenbait zerbitzutan euskara erabiltzeko trabak egoten dira; kiroldegian, nagusien egoitzan edota musika eskolan, adibidez. Horregatik, Udalak eta biok euskaraz dinamika hasi zuten martxoan, udalari tratua euskaraz izatea eskatzeko. Herritarrak udalean eskaera formalak aurkeztera animatu zituzten, eta Tramitazio Eguna ere egin zuten, era masiboan aurkezteko. Baina, oraindik ez dute erantzunik jaso.

Kontzentrazioaren ostean, jendeagaz berba egiteko aprobetxatu zuten EHEkoek: "Parte hartu duen jendeagaz berba egiteko aukera izan dugu; beraien urduritasuna azaldu digute eta guk gure asmoen berri eman diegu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!