Txoria izan nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2014ko ots. 18a, 11:04

Estreinakoz sartu zara eraikin sendo, dotore eta zurrun horretan, eta eskaileretan gora jo duzu, auskalo norantz. «Badaezpada gorantz, beti gorantz».Lehenengo solairuan zurezko ate erraldoiak aurkitu dituzu, eta zeure etxea bezain zeure izan arren, lekuz kanpo sentitu zara. Ur handitan, ur handiegitan. Ate erraldoien artean aterik txikiena zeharkatu duzu, besteak arrain handiagoentzat izango direlakoan, eta kristalezko hormak dituen bulego bat aurkitu duzu parez pare. Arrainontzi bat dirudi, eta kristalaren bestaldean hainbat langile ikusi dituzu, bisigu-aurpegiarekin ordenagailuari so. Ez diote elkarri begiratu ere egiten, baina beraien artean hizketan ari dira, gaztelania iruditu zaizun hizkuntza batean: «glu-glu, glu-glu». Momentu horretan begiratu egin dizute, baina berehala jarraitu dute euren zereginekin, hor zaudela ahaztuta. Arrainak dira, zer egingo diozu bada.


Korridorean aurrera egin duzu, zure jomugarantz. Eta pentsatu duzu ez duzula gaztelaniaz hitz egin nahi; pentsatu duzu ez duzula arrain izan nahi. Zuk txoria izan nahi duzu.


Behin helmugan, zain zaude inguruko faunari begira. Mostradorekoa arraina den ala ez asmatu nahian zabiltza. Eta berriro pentsatu duzu, zuk txoria izan nahi duzula, eta txori batek artatzea nahi duzula.

Azkenean, iritsi da zure txanda. Mostradorekoari begietara erreparatu diozu, eta ausartu egin zara: «txor-txor». «Txor-txor-txor» erantzun dizu berak. Zorionez, pinguino bat da.

Txoria izan nahi baduzu, eta Udalarekin duzun harremana euskaraz izatea nahi baduzu, helarazi zure eskaria Udalari. Horretarako hainbat aukera dituzu:

- Plateruenan, Intxaurren eta Momotxon eskuragai dituzu horretarako eskabideak.

- Andra Marian mahaia jarriko da otsailaren 21ean, 18:30etik 20:30era; eta martxoaren 1ean, 12:00etatik 14:00etara.

- Martxoaren 6an tramitazio-eguna izango da. Eskaera guztiak HAZn aurkeztuko dira, 17:30ean. ANIMATU!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!