Udalean euskara erabiltzeko, herritarrak aktibatu gura ditu EHEk

Anboto 2014ko ots. 11a, 09:00

EHEk dio udal zerbitzuetan ez dela euskara erabiltzeko eskubidea bermatzen.

“Udalagaz daukazun hartu-emana euskaraz izatea gura duzu?”. Galdera hori egin die herritarrei Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak. Udaleko zenbait zerbitzutan eskubide hori ez dela bermatzen uste dute. Besteak beste, kiroldegi berrian, nagusien egoitzan eta musika eskolan topatu dituzte zerbitzua euskaraz jasotzeko oztopoak.  Egoera horri buelta emateko helburuz, herritarrak aktibatu gura dituzte: “Euren eskari zuzen eta borondatetik abiatuta, aldaketak eragin eta udalagaz dauzkagun hartu-emanak euskaraz izan daitezen”.

Beraz, udaleko erakunde eta zerbitzuetan tratua euskaraz edukitzeko eskaera egitera animatu ditu EHEk herritarrak. Hainbat aukera eskaini dituzte horretarako. Eskaera orriak Plateruenean, Momotxo tabernan eta Intxaurre elkartean egongo dira, eta Andra Marin ere ipiniko dute mahaia hiru egunetan: domeka honetan 12:00etatik 14:00etara, otsailaren 21ean 18:30etik 20:30era eta martxoaren 1ean 12:00etatik 14:00etara. Gainera, martxoaren 6rako Tramitazio Eguna deitu dute; eskaerak masiboki egingo dituzte Herritarren Arretarako Zerbitzuan, 17:30ean.

Udalak eta biok euskaraz deitzen da EHEren dinamika. Adierazi dute udalak badauzkala hizkuntza politikarako eskumenak, eta euskaraz bizitzeko nahia errespetatzea eskatu diote. “Euskararen herrian bizi gara. Euskaraz bizitzeko eskubidea daukagu eta euskaraz bizi gura dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!