Plateruena kafe antzokian egin dute eztabaida prozesuaren aurkezpena, eta Durangoko zenbait elkartetako ordezkariak hurreratu dira entzutera. Euskal Herriko hainbat herritan ematen dabiltzan eztabaida dakarte Durangora. "Guk ez dugu nahi pobrezian, injustizian, bazterketan eta bereizketan oinarritutako Euskal Herririk". Deitzaileek adierazi dute gobernuak eskubideak murrizten dabiltzala krisiaren aitzakipean, eta horren helburua herritarrak "pobreziara kondenatzea" dela. Horren aurrean, bestelako eredu batean sinisten dutela diote: eskubide sozial eta laboralen errespetua, justizia soziala, ingurumenarekiko aitortza, parte-hartze soziopolitikoa...
Esan dute Karta ez dela izango aldarrikapenerako tresna hutsa: "Euskal jendarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko eta bidean elkarrekin lerrotzeko unea da". Gainera, alternatiba lez, "eredu ekonomiko eta sozial propioa garatzeko" bidea emango diela uste dute: "Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egin eta erabakia; eta ez elite politikoek".
Hilaren 12an, 19an eta 26an Pinondo Etxean batuko dira 18:30ean hasita. 12an erabakitzeko eskubidea, eskubide kulturalak, ingurumen eta lurralde eskubideak eta jatorri aniztasuna izango dira gaiak. 19an, lan eskubideak, eskubide ekonomikoak, aniztasun sexuala eta emakumeekiko indarkeria. 26an, aniztasun funtzionala, hizkuntza eskubideak, eskubide sozialak, bizitzaren mantentzea eta parte-hartzea.