Alegazioak atzera botata, martxan dago aurrekontua

Anboto 2014ko ots. 1a, 09:05

Joan zen astean lau herritarrek 2014ko udal aurrekontua, behin behinekoz EAJk eta PSE-EEk onartua, gelditzea eskatu zuten. Horretarako, alegazioak aurkeztu zituzten udaletxean. Aurrekontuaren txostenean hainbat datu ekonomiko falta direla argudiatu zuten, eta horregatik legearen kontrakoa zela. Bada, kontu-hartzaileak ez ditu onartu alegazioak, eta udalbatzak erabakia defendatu du.

 

Herritarrek hiru arrazoi agertu zituzten: udaleko sarrerak justifikatu barik haztea, zorra ez islatzea eta lurzoruagatik jasotako diruagaz zer egin ez zehaztea. Horri erantzunez, kontu-hartzaileak azaldu zuen sarrera eta gastuen aurreikuspenak kontrastatu direla. Zorraren inguruan, BBKtik jasotako mailegua ez dela erabili adierazi zuen, eta lurzoruagatik jasotako eskubide batzuk ez hartzea erabaki zela, agian ez zirela erabiliko aurreikusita. 

Bilduk eta Aralarrek herritarrak babestu zituzten. Besteak beste, Dani Maeztuk (Aralar) azaldu zuen erakunde autonomo bateko gerenteak esan ziola agintzen diotenagaz alderatzen dituela berak datuak. Eider Uribek (Bildu) gogoratu zuen udalak bost milioi euroko soberakina daukala, eta horregaz zer egin erabakitzeko ez dituztela herritarrak kontuan hartu.

Goiztidi Diazek (EAJ) kontu-hartzailea defendatu, eta aurrekontuak zentzuagaz egiten dituztela adierazi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!