Durangok badauka aurrekontua, urte biko hutsunearen ostean

Anboto 2014ko urt. 10a, 14:19
Bi urtez aurrekontu barik kudeatu du udala EAJk, 2011koaren luzapenagaz, eta desadostasun politikoa PSE-EEk apurtu du. Aitziber Irigoras alkateak esan du 2014rako aurrekontu orekatua, serioa eta zentzuduna egiten saiatu direla. 27 milioi eurokoa da: "Ez dago murrizketarik partida batean ere".

Inbertsioetan 50.000 euro sartu dituzte. Kopuru txikia da, baina Irigorasen berbetan partida horiek datozen hilabeteetan handituko dituzte. Antso Estegiz zumardia birgaitzea, Andra Mariko elizpeko lurra konpontzea eta karabanentzako aparkalekua egitea dira, esaterako, inbertsioetako batzuk. 

PSE-EEk 17 zuzenketa iragarri zituen, eta horiek garatzeko 4 milioi euro erabiltzea. Onartuz gero, aurrekontuaren alde bozkatuko zutela esan zuen Pilar Riosek. Beraz, badirudi hurrengo hilabeteetan handituko diren partidetan egongo direla. Udalaren soberakina erabili beharko dute, aurreko proiektu batzuetarako gorde, eta gero erabili ez dena. Sozialisten ideia bat San Fausto auzoa birgaitzea da, 3 milioi eurogaz. Lana sortzeko partidak ere egongo lirateke.

Bestetik, PPren lau zuzenketa batu ditu aurrekontuak. Enpresek herriko langabeak kontratatzeko tresna berriak izango dituztela uste du Juan Jose Gastañazatorrek, eta Tokiko Garapen Sailaren sorrerak negozio aukera berriak topatzen lagunduko duela. 

Bildu eta Aralarrek osoko zuzenketa aurkeztu eta EAJren zirriborroaren aurka eman dute botoa. Euren ustez, "iruzurra" egin dute EAJk eta PSE-EEk. Eider Uribek (Bildu) adierazi du soberakinagaz zer egin herritarren artean erabaki beharko litzatekeela: "Geldikineko dirua Durangoren etorkizuna bermatzeko da". Dani Maezturen (Aralar) iritziz ere eztabaida soziala behar da. Bestalde, Maeztuk ez du ulertzen PSE-EEk zergatik aldatu duen jarreraz. Irigorasen arabera, Bildu eta Aralarrek ardura barik jokatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!