Udal aurrekontuari alegazioak egin dizkiote

Anboto 2014ko urt. 24a, 10:00
Bildu eta Aralarrek babestutako lau herritarrek udal aurrekontuari alegazioak egin dizkiote, eta datorren martitzeneko udalbatzarrean eztabaidatuko dituzte kargudunek. EAJk eta PSE-EEk behin-behinean onartutako aurrekontu proposamenaren aurka egiteko, txostenean hainbat datu ekonomiko falta direla argudiatu dute, eta horregatik legearen kontrakoa dela.

Datu falta hiru arlotan dagoela azaldu dute alegazioen sortzaileek. Lehenik, sarrera eta gastuen arteko orekagaz zalantza agertu dute. Zerga eta tasa bidezko sarrerak igo egingo direla esaten du udalaren aurreikuspenak, baina euren ustez ez da zehazten zelan gertatuko den hori. Gainera, azken urteetan sarrerak bajatu egin direla aipatu dute, antzeko egoera ekonomikoan egonda. “Sarrerak justifikatu barik puzteko topatzen dugun arrazoi bakarra da gastuekin bat egiteko egin dela”. 

Bigarren arrazoia da, ustez, udalak daukan zorra ez dela islatzen. 2010eko aurrekontuan BBKtik jasotako 3 milioitik gorako mailegu bat sartu zuen, eta zor hori ez ei dator aurtengoan. 

Hirugarren alegazioa lurra eta etxebizitzagaz lotutakoa da. Lurzoruaren legearen arabera, udalak lurrengatik jasotzen duenaren %10 zertarako erabiliko duen zehaztu behar du, eta lehentasuna eman etxebizitza publikoa sortzeari. Alegazioen egileek diotenez, aurrekontuan ez dituzte irizpide bi horiek bete. Kritikatu dute ez direla agertzen Etxezurioste, Forjanor eta Faustegoienako etxe proiektuengatik jasotako diruak; 2, 1,5 eta 3,5 milioi euro, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!