Lana, etxebizitza eta gizarte ekintza ataletan hamasei zuzenketa aurkeztu ditu PSE-EEk

Anboto 2013ko abe. 20a, 13:40
Zuzenketa horiek onartzen badira, aurrekontu zirriborroaren alde bozkatuko dutela iragarri du Pilar Riosek

Zuzenketa horiek onartzen badira, aurrekontu zirriborroaren alde bozkatuko dutela iragarri du Pilar Rios zinegotziak. Momentuz akordiorik ez daukatela azaldu du, Bilduk eta Aralarrek eginiko kritikari erantzunez.

 

Hamasei proposamen horiek garatzeko, lau milioi eurotik gora bideratu gura ditu PSE-EEk. Lana sortzea, etxebizitzan alokairua sustatzea eta gizarte ekintzan egoera larrietan daudenei laguntzea gura dute. "Enplegu politikak gakoa dira momentu honetan", adierazi du Riosek. Lanpostuak sortzeko bide lez, hainbat obra egitea proposatu dute. Obra brigadan beharginak hartzeko 200.000 euro egongo lirateke. Langile horiek, esaterako, San Fausto auzoan hainbat obra egingo lituzkete: saneamendua, patioak egokitu edota irisgarritasuna hobetzeko lanak. Guzti horretarako, hiru milioi euroko partida bat gordeko litzateke. Beste obra batzuen artean, Urki-Hegoalde sahiesbideko tarte bat -Urki kaletik Montorretako biribilgune berrira-, Antso Estegiz Zumardiaren errehabilitazioa eta eremu batzuetako argiztapena. Esaterako, Frai Juan Zumarraga kalean.

 

Alokairua bultzatzeko, etxe hutsen inbentario bat egitea aurreikusi dute lehenik. Higiezinen enpresekin etxe horiek tasatu, eta alokairuan aterako lituzkete.

 

Desjabetuei laguntzeko 136.000 euro erabili nahi dituzte. Bestalde, larrialdietarako hiru etxebizitza janzteko 32.000 euro gordetzea ere gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!