Bidezabalek gerrikoa estutu du

Anboto 2012ko urr. 25a, 08:07

Diru laguntzak asko jaitsi daitezkeela aurreikusita, neurriak hartu ditu atletismo taldeak: gizonei ez diete soldatarik ordainduko eta, ondorioz, baliteke Espainiako ligan ez parte hartzea

Diru laguntzak asko jaitsi daitezkeela aurreikusita, neurriak hartu ditu atletismo taldeak: gizonei ez diete soldatarik ordainduko eta, ondorioz, baliteke Espainiako ligan ez parte hartzea.

 

Zerumugan laino beltzak ikusten ditu Bidezabal atletismo taldeak eta ekaitza etorri aurretik euritakoa atera du. Datorren urterako aurrekontua asko jaitsiko dela aurreikusi du zuzendaritzak eta neurriak hartu ditu: senior mailako gizonei ez diete soldatarik ordainduko. Gura duenak musu truk jarraitu beharko du.

 

Joan zen asteko martitzenean batu zen zuzendaritza batzordea. Atletismo klubak aurreikusten duen errealitate ekonomikora zelan birmoldatu izan zuten berbagai, besteak beste. Hasieratik argi izan zuten zeri eutsi behar zitzaion nahita nahi ez: emakumeen talde nagusiari eta gazteen mailetako taldeei. Beraz, erabakirik latzenak gizonen talde nagusiari eragiten dio.

 

Orain arte, gehiago edo gutxiago, denek kobratu izan dute zerbait dirutan Bidezabalegaz aritzearren (200 eurotik 1.000 eurora gutxi gorabehera). Hemendik aurrera, klubak ez du soldatarik ordainduko. Atletek badute neurri horren berri eta datozen egunetan erabakiko dute Bidezabalen jarraitu edo ez. Gizonen taldea 70 bat atletek osatzen dute eta erdiak inguru Durangaldetik kanpokoak dira. Klubean geratzen direnekin talde lehiakorra osatu daitekeela irizten badiote, Espainiako Lehenengo mailan parte hartzeko izena emango du klubak. Taldeari ez badiote maila nahikorik ikusten, baliteke Euskal Herri mailako txapelketan baino ez aritzea.

 

Laguntzak, erdira

Datorren urterako aurreikuspen ekonomikoak ez dira onak. Bizkaialde Fundaziotik jasoko duten kopurua ohikoa baino baxuagoa izango da. Horrez gainera, badakite atletismoko federazioei emaniko laguntza %50ean jaitsiko dena eta, horrek, klubei ere zuzenean eragingo die. Zantzu beltz horien aurrean zuhurtziaz jokatu behar izan dutela adierazi du Aitor Casal Bidezabaleko presidenteak: “Orain arte moduan jarraitu eta laguntzak aurreikusi moduan jaisten badira, proiektu osoa goitik behera eror daiteke; ezin gara arriskatu”.

 

Emakumeei ere soldatak nabarmen jaitsiko dizkiete, baina etorkizuna behinik behin bermaturik du. Neurri drastikoagoetara jo eta talde bat kentzea erabakiko balute, talde hori gizonena izango litzateke. Gaur egun, emakumeen taldea da klubeko zutarria, bai harrobiari dagokionez  eta bai nagusietan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!