"Indarra inportantea da xabalina jaurtiketan, baina behinena teknika da"

Anboto 2012ko ira. 19a, 08:39

Arantza Morenok (17 urte, Ermua) hiru urte daramatza xabalina jaurtiketa praktikatzen Bidezabalegaz. Berea da gazte mailako Espainiako errekorra. Eskubaloian ere goi mailan dabil. Eskubiko beso baliotsua du.

Arantza Morenok (17 urte, Ermua) hiru urte daramatza xabalina jaurtiketa praktikatzen Bidezabalegaz. Berea da gazte mailako Espainiako errekorra. Eskubaloian ere goi mailan dabil. Eskubiko beso baliotsua du.

 

Zelan hasi zinen xabalina jaurtitzen?

Kuriosoa da, gaixotasun baten ondorioz deskubritu nuen xabalina. Umetan korrika aritzen nintzen Ermuko atletismo taldean. Apendizitisa operatu zidatenean, ezin nuen korrika egin eta xabalina jaurtiketa probatu nuen, geldirik ez egotearren.

 

Abuztu amaieran, Espainiako txapelketan, zeurea zen gazte mailako errekorra hobetu zenuen (49,90 metro). Ezustekoa izan zen?

Bai, ez nuen espero. Txapelketa abuztu amaieran zenez, sasoiari eusteko Leongo (Espainia) errendimendu altuko zentrora joan nintzen hilabetez. Jaurtiketetan espezializatuta dago zentro hori. Gehienbat sasoiari eusteko eta belauna zaintzeko joan nintzen, ez nuelako ondo. Hango probetan 47 metro bota nuen gehien. Espainiako txapelketan inguru horretan ibiliko nintzela uste nuen. 49,90 metro botatzea sorpresa izan zen.

 

Ahal duenak hobetu dezala!

Neuk ere marka ona dela uste dut. Marka hori 600 gramoko xabalinagaz lortu nuen. 500 gramokoagaz ere neurea da errekorra, 53,95 metrogaz.

 

Zelan entrenatzen da xabalina jaurtiketa?

Xabalina jaurtiketa batez ere teknika da. Indarra garrantzitsua da, baina puntu batetik aurrera teknika da behinena. Hori lantzeko ariketa bereziak daude.

 

Datorren urtean gazteetatik junior mailara pasatuko zara. Salto berri bat.

Maila horretako jaurtitzaile asko ezagutzen ditut. Xabalina jaurtiketan urte askoan bazabiltza hiru-lau urte zaharragoak edo gazteagoak direnak ezagutzen dituzu normalean. Juniorretan maila handiagoa dago.

 

Dena dela, Espainiako txapelketan maila denetako bigarren jaurtiketarik onena egin eta zilarra jantzi zenuen. Eman dezakeenari eskatu egiten zaio.

Bai, baina ni apurka-apurka joango naiz, estutu barik. Badakit oraindik hobetu beharra dudala alderdi askotan. Nire entrenatzaileagaz batera horretan gabiltza.

 

Ermuko eskubaloi talde batean ere jokatzen duzu.

Atletismoan hasi eta handik hiru-lau hilera hasi nintzen eskubaloian. Kirol biak nahiko batera etorri ziren. Ermuko Errotabarri taldean nabil gaur egun.

 

Euskadiko eta Espainiako selekzioekin ere aritu zara.

Bai. Euskadiko selekzioagaz bost urte daramatzat. Espainiakoagaz Islandiara joan ginen Europako txapelketarako sailkatzeko. Sailkapena lortu genuen, baina ezin izan nuen Europako txapelketara joan egun horietan atletismoko munduko txapelketa zegoelako.

 

Egunen batean bi kiroletako bat aukeratu beharko duzu.

Aukeratu dut dagoeneko: atletismoa eta xabalina jaurtiketa. Eskubaloian jarraitzen dut, baina bigarren maila batean. Entrenatzaileak beti esaten dit eskubaloia aukeratzeko, oraindik ahalegintzen da. Baina nahiko garbi dut. Nire aukerarik onena xabalina dela uste dut eta ezin dut aukera hori pasatzen utzi. Hemendik urte batzuetara nire burua atletismoan ikusten dut. Gainera, gurako banu uste dut eskubaloira bueltatu ahalko nintzela, baita utzi eta handik denbora batera ere. Eskubaloian ikasitakoa ez da hain erraz ahazten. Xabalina jaurtiketan teknika astero-astero landu beharra dago. 

 

Kirol desberdinak dirudite.

Oso desberdinak dira eskubaloia eta xabalina jaurtiketa. Lehenengoa taldeko jokoa da eta lagunekin inguratuta zaude. Bigarrena bakarkako kirola da. Xabalinan garaipenak lortzean  badakizu zure lanaren ondorio dela, baina porrotean ere bakarrik zaude.

 

Ez dago magoa izan beharrik asmatzeko eskuin beso horretan badagoela indarra. Kirolari ezagunen antzera aseguratu egin beharko duzu.

Gurasoek batzuetan esaten didate brometan besoa aseguratu egin beharko nukeela badaezpada (barreak). Sustoren bat izaten badut orduan joango naiz beharbada. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!