Igerilekuetan obra berri bat egiteak polemika isiotu du

Anboto 2012ko eka. 14a, 10:57

Bildu eta Aralar kontra agertu dira, ez dutelako uste obra udalak ordaindu beharko lukeenik

Bildu eta Aralar kontra agertu dira, ez dutelako uste obra udalak ordaindu beharko lukeenik.

 

Landakoko igerilekuen kiroldegian aldagelak eta spinning gela klimatizatuko dituzte. Udalaren soberakinetik 52.000 euro hartuko dituzte horretarako. Alderdi guztientzako da beharrezkoa, baina udalak ordaindu behar duen, ez daude denak ados. EAJk, PSE-EEk eta PPk onartu dute inbertsioa egitea; Bildu eta Aralar kontra agertu dira. Obra enpresari eta gobernu taldeari hartu diote kargu.

 

Bilduko Eider Uribek esan du lana beharrezko ikusten dutela, baina igerilekuen proiektuak gabezia asko izan dituela hasieratik.  Zalantzak agertu ditu: “Nork ikuskatu eta sinatu zuen obra, hainbeste akatsekin? Durangarrek ordaindu behar al dituzte hasierako akatsak?”. Aurreratu duenez, inbertsioak  suposatzen badu erabiltzaileei gehiago kobratzea, ez dute onartuko.

 

Aralarreko Dani Maeztuk kritikatu du proiektuaren hasierako 7 milioi euroak 12 izatera pasa zirela, eta geroztik 340.000 euro erabili direla hobekuntzak egiteko. “Ez dugu uste errakuntzak durangarrek ordaindu behar dituztenik”. Oraindik proiektuaren akatsen txostenaren zain daudela dio.

 

EAJko Goiztidi Diazen berbetan, txostena egiten dabiltza: “Erreklamazio guztiak egingo dizkiogu behar duenari; jakin dezatela durangarrek bagabiltzala egin beharreko lanak egiten”.

 

PSE-EE eta PPren ustez, arduragabekeriaz jokatu dutenak zeinek diren jakin behar da. PSE-EEk “asko kostata” eman du baietza. Sozialisten iritziz arduradunei ekarri behar dizkie ondorioak. Baina, bi alderdientzako urgentziazko obra da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!