Atxondoko igerilekuetarako diru-laguntza izango dute elorriarrek

Anboto 2012ko uzt. 5a, 08:30

Atxondoko igerilekuko gastuak elkarbanatzeko ez dute akordiorik lortu herri bietako gobernu taldeek. Horren ordez, Elorriok diru-laguntza zuzena emango die elorriarrei. Herri bietako erabiltzaileen tarifen artean dagoen aldea ordainduko du.

Atxondoko igerilekuko gastuak elkarbanatzeko ez dute akordiorik lortu herri bietako gobernu taldeek. Horren ordez, Elorriok diru-laguntza zuzena emango die elorriarrei. Herri bietako erabiltzaileen tarifen artean dagoen aldea ordainduko du.


Maiatzeko idatzi baten bidez, Atxondoko gobernu taldeak batzar bat eskatu zion Elorrioko gobernu taldeari. Igerilekuak azpiegitura garestiak eta sarritan defizitarioak direla argudiatuta eta Elorriok kanpoko igerileku berriak egin gura dituela jakitun, modu batera edo bestera herri biek Atxondoko igerilekuen aldeko apustua egin eta kudeaketa amankomuna bideratu ote zitekeen proposatu nahi zioten Elorriori.


Orain aste bi batzartu ziren alde biak eta harrezkero izandako batzarretan ez dira akordiora heldu. Horren ordez, Elorrioko gobernu taldeak bere erabiltzaileei diru-laguntza zuzena ematea erabaki du. Hau da, herri bien arteko tarifetan dagoen aldea ordainduko du. Esaterako, atxondar bati familia bonoa 60 euro kostatzen bazaio eta elorriar bati 100 euro, udalak 40 eurogaz lagunduko du Elorrioko erabiltzailea. Diru-laguntza horietako oinarriak prest daude eta laster onartuko dituzte dekretu bidez. Hala ere, dagoeneko bonoa egin duten elorriarrak udalera joan daitezke eskaera egin eta tramiteak martxan ipintzera Ana Otadui Elorrioko alkateak jakinarazi duenez.


Era berean, Otaduik segurtatu duenez, “guk ez diogu uko egingo kanpoko igerileku berrien proiektuari; azterketa egiten jarraituko dugu eta dagokionean ondorioak gainerako alderdiekin elkarbanatuko ditugu”. Elorrioko Bilduk oso kontrako iritzia du: “Bildu ez dago kanpoko igerilekuak izatearen aurka, zerbitzu sozial bat da, baina Elorrioko etorkizuna ezin dela hipotekatu uste dugu”.


Atxondoko gobernu taldeak negoziaziorako “borondate falta” kritikatu du: “Hartu duten neurria hartzeko eskubide legitimoa dute, baina gaia eztabaidatzeko eta akordio batera heltzeko borondate  minimoa erakutsi dute”, adierazi du Juanjo Nora alkateordeak. Atxondok proposamen zehatz bat mahaigaineratu zuen batzar batean: Elorriok 15.000 euroko kanon iraunkorra ordaintzea eta beste 15.000 aldagarriekin, igerilekua erabiltzen zuten elorriar kopuruaren arabera. Beraz, 30.000 eurora artekoa izango zen akordioa. Elorriok proposamena atzera bota zuen erakunde batek besteari ematen dion diru-laguntza zuzena zela iruditzen zitzaiolako eta aurrekontuetan ez zegoelako horretarako diru atalik onartuta.


Igerilekuko tarifak


Atxondoko alkateordeak aurten igerilekuko erabiltzaileen bonoetan izandako igoerek eragindako kexei erantzun gura izan die: ““Gu ez gara Elorriora joan diru-laguntza edo erreskatea eskatzera, gaur egun eskura ditugun baliabideekin eta eginda dauden azpiegiturekin lankidetza modu bat sortu daitekeen eztabaidatzera baino. Iaz 53.000 eurokoa zen igerilekuen defizita. Aurten prezioak igo ditugu eta Atxondotik kanpokoei gehiago. Baina kontuan hartu behar da defizit horri atxondarrek bakarrik egiten dietela aurre, erabiltzaileak hainbat herritakoak izanagatik. Defizit hori udalak ordaindu behar du eta zeharka atxondarrek zergen bidez”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!