2010ean PSE-EEk eta EAJk akordioa lortu zuten aurrekontuak aurrera ateratzeko. Harrezkero, aurrekontuetan sartuta egon arren hainbat proiektu ez direla exekutatu kritikatu du alderdi sozialistak.
Aurten oraindik onartu dabe daude Durangoko aurrekontuak. Datorren martitzenean egingo dute aurrekontuak eztabaidatu eta bozkatzeko udalbatzarra. Pilar Rios zinegotzi sozialistaren ustez, EAJk “sinatutako akordioak bete behar lituzke, oposizioan adostasun berriak bilatu aurretik”. Bide horretatik, hitzartu arren bete ez diren proiektuak gogoratu dituzte.
Proiektu horietako bat Tabira eta Sabeco lotzen dituen biribilgunea da; 4,4 miloi euroko inbertsioa eskatuko luke eta 2013ra bitartean hiru urtetan exekutatuko litzateke: “2012ari dagokion zatia esleitu ere ez da egin eta dagoeneko urte erdia joan da. Gainera, lanak urtebetez atzeratzea erabaki du EAJk”. Egin ez den beste biribilgune bat Fray Juan de Zumarraga eta Alluitz lotuko lituzkeena da, bidegurutzea eta semaforoak kentzea ahalbidetuko lukeena. Riosen ustez lan horiek “berehala” hasi beharko lirateke.
Montevideo kaleko etxe okupatua eraisteko asmoa ere gogoratu du: “Etorbide horretan 235.000 euro gastatu dira lehen fasean eta bigarrenean 434.000 euro erabiliko dira. Eta oraindik ez da erqitsi ingurua degratzen duen eraikina. Ulertzen ditugu hango auzotarrak, inguruan sortzen den zaratagatik eta adin gutxikoei alkohola saltzen zaielako kexatzen direnean”.
Azkenik, kritikatu duenez, “orain hile batzuk hasita egon beharko lirateke alokairuzko lehenengo 50 etxebizitza sozialak Faustegoienan eta Arriputzuetan”. Gune horretan babes ofizialeko beste 200 etxebizitza ere aurreikusita daude.