Gastuak gutxituta, udalak egoera ekonomiko "ezin hobean" lortu duela dio Irigorasek

Anboto 2012ko api. 23a, 12:49

Iaz udalaren gastua % 11 gutxitu zela adierazi du gobernu taldeak ohar bidez. Aurten ere \'zuhurtasun-printzipioagaz\' jarraitzeko asmoa agertu du

Iaz udalaren gastua % 11 gutxitu zela adierazi dute ohar bidez. Aurten ere "zuhurtasun-printzipioagaz" jarraitzeko asmoa agertu du gobernu taldeak.

 

2011ko likidazioaren berri eduki ondoren, Aitziber Irigoras alkateak nabarmendu du udala "egoera ekonomiko ezin hobean" dagoela. 950.000 euro inguruko soberakina dauka Durangoko Udalak.

 

Udalkutxagaz edukitako zorra ordaindu dute. Izan ere, 2009an, egoera ekonomikoa zela eta, udalek ez zioten zegokiena ordaindu Bizkaiko Foru Aldundiari. Durangoko Udalak 1.871.757 euro ordaindu behar zituen urte horretan. Iazko emaitzak ikusita, 2009ko kuota hori eta 2011koa ( 1.015.823 euro) ordaindu dituela jakinarazi du alkateak. 

 

Iazko aurrekontuetan 3.016.000 euroko mailegua eskatzea zeukaten aurreikusita, eta azkenean horrelakorik ez dela egin informatu du Irigorasek.

 

Biharko osoko bilkuran iazko aurrekontuen likidazioa izango dute berbagai Durangoko udalbatzan.

 

2012ko bidea

Aitziber Irigorasek aurten ere "zuhurtasun-printzipioarekin eta gastua arrazionalizatzen" jarraitzeko asmoa agertu du. Aurreratu duenez, "aldez aurretik hartutako konpromisoak" mantendu gura ditu gobernu taldeak. Urki-Hegoalde saihesbidea eta San Faustoko zentro zibilkoa aipatu ditu, eta egitasmo horietarako dirua "gordeta" daukatela segurtatu du.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!