Etxebizitza eta enpleguaren inguruko zuzenketak aurkeztu ditu Aralarrek

Anboto 2012ko mai. 14a, 09:24

Dani Maezturen berbetan, EAJren proposamenak eta euren alderdiarenak \'ez daukate zerikusirik\'. Besteak beste, hutsik dauden etxebizitzak okupatzea eta alokairuzko kontratuen alde egitea proposatu du Aralarrek

Dani Maezturen berbetan, EAJren proposamenak eta euren alderdiarenak "ez daukate zerikusirik". Besteak beste, hutsik dauden etxebizitzak okupatzea eta alokairuzko kontratuen alde egitea proposatu du Aralarrek.

 

Aralarrek 21 zuzenketa jarri dizkio gobernu taldeak aurrekontuetarako egin duen porposamenari. Horrez gainera osoko zuzenketa ere jarri zuen arinago Aralarrek: "Ulergaitza da aurrekontuetan herritarrek parte hartzeko aukera ez edukitzea".

 

Etxebizitza arloan, hutsik dauden etxeak okupatu eta alokairuzko etxebizitzak eraikitzea da Aralarren proposamena. Durangon 12.302 etxebizitza daudela eta horietatik 1.506 hutsik daudela nabarmendu dute zinegotziek: "Lurraren okupazioa bere mugetara heldu dela argi dago". Babes ofizialeko erosteko etxeetan, Odi Bakar eta San Rokeko jabetzako etxeetan 56 pertsonek atzera egin dutela azaldu du Dani Maeztuk: "Gazteek finantzazio arazoak dituzte eta jabetzazko babeseko etxeak ez dira irtenbidea".

 

Etxe hutsak betetzeko 30 urte baino gehiagoko etxeen kasuan, zaharberritzeko dirulaguntza ematea proposatu du Aralarrek, gero alokairuzko bihurtzeko. Alokairuzko etxebizitza dotazionalak eraikitzea ere poroposatu du Aralarrek.  Horretarako 1,500.000 euro beharko direla kalkulatu dute; "udalak Etxezuriosten ondarea saltzeagatik jasoko duen diru kopurua denez, etxebizitzetara joan beharko litzateke".  35 urtetik beherako herritarrentzat alde zaharreko etxeak zaharberritzeko ere dirulaguntza proposatu dute, "horrela alde zaharra gaztetu eta etxe hutsak betetzeko"

 

Enplegua sustatzeko proposamen batzuk ere egin dituzte zuzenketen bidez. Kiroleneri azpiegitura berria emateko diru atala proposatu dute: "instalazio duin bat behar dute; horrela jarraituta, beste herri batera joan daitezke". Merkatu plaza bultzatzea, Alde Zaharreko eta periferiako lonja hutsak denda bihurtzeko diru laguntza ematea eta enpresak herrigunetik kanpoaldeko industriagunetara eroateko "interes bako kredituak" ematea proposatu du Aralarrek, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!