"Parte hartzaileak izan ez direlako" ez ditu aurrekontuak babestuko Bildu koalizioak. Krisi egoeran inbertsioetarako irizpideak aldatu behar direla uste du Bilduk: "Geroz eta diru sarrera gutxiago dagoen honetan herritarrak izan behar dira zertan inbertitu erabaki behar dutenak". Datorren martitzenean eztabaidatuko dituzte aurrekontuak osoko bilkuran.
Aralar, PP, eta PSE-EEren kritiken ondoren, Bilduk ere 2012rako aurrekontu proposamenaren kontrako iritzia azaldu du asteon. Osoko zuzenketa aurkeztu du koalizioak, herritarren parte hartzerik ez delako egon: "Ez dugu uste lau urterik behin bozka emanda, herritarrek nahi duguna egiteko baimena ematen digutenik”.
Gobernu taldeak azken urteetan inbertsio handiak egiten jardun duela kritikatu du Bilduk; "60 milioi euroko inbertsioak azken 5 urtetan". Bilduren ustez, tamaina horretako inbertsioak herritarren babesa eduki beharko lukete. 2012rako 3 milioi euroko inbertsioak aurreikusten direla eta egoera ekonomikoan inbertsioetarako irizpideak aldatu behar direla uste du Bilduk: “Geroz eta diru sarrera gutxiago dagoen honetan herritarrak izan behar dira zertan inbertitu erabaki behar dutenak”