500 gaztetxo batuko ditu zapatuko judo jaialdiak

Anboto 2012ko mar. 28a, 09:06

Euskal Herriko zein nazioarteko gaztetxoen 23 taldek parte hartuko dute Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan izango den jaialdian

Euskal Herriko zein nazioarteko gaztetxoen 23 taldek parte hartuko dute Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan izango den jaialdian.

 

Durango Judo Taldeak antolatzen duen Nazioarteko III. Judo Jaialdiak inoizko parte-hartzerik handiena izango  du zapatuan:  500 gaztetxo batuko dira  (zortzi eta hamasei  urte artekoak) Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan. Lehia baino gehiago, judoaren inguruko topaketa erraldoia izan gura du ekimenak, elkar ezagutza sustatuko duena.

 

Guztira, 23 judo taldetako gaztetxoak batuko dira tatamiaren bueltan, eta adinaren eta pisuaren arabera banatutako txapelketan parte hartuko dute, 11:00etan hasi eta 19:00ak ingurura arte. Talderik gehienak euskaldunak dira, baina Herrialde Katalanetakoak, Espainiakoak, Frantziakoak eta Portugalgoak ere hurreratuko dira. Lehenengo aldia izango da Portugalgo talde bat datorrena Durangora. Frantziatik iaz ere etorri ziren judoka gutxi batzuk, baina aurten autobusa beteko dute.

 

Aurten lehenengoz egingo dute ekimena Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan, eta ez Landako kiroldegian. Erdigunera hurreratuta, gaztetxoei nahiz gurasoei herria bisitatzeko aukera erraztu gura diete, besteak beste.

 

Sokatira saioak

Judoken arteko hartuemana landu asmoz, sokatira saioak egingo dituztela da aurtengo beste nobedadeetako bat. Bertaratuko klub guztietako gaztetxoak taldeetan nahastuz egingo dituzte tiraldiak, aurkariak lagunak ere badirela erakutsi guran. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!