300 gaztetxo batuko ditu, gaur, gazteen judo torneoak

Anboto 2010ko aza. 20a, 10:00

09:30etik aurrera, 8tik eta 14 urtera bitarteko II. Nazioarteko Durango-Uria Judo Torneo jokatuko dute Landako kiroldegian.

09:30etik aurrera, 8tik eta 14 urtera bitarteko II. Nazioarteko Durango-Uria Judo Torneo jokatuko dute Landako kiroldegian. Durango Judo Klubak antolatu duen torneoak 16 klubetako (Euskal Herrikoak zein estatukoak) 300 gaztetxo batzea itxaroten dute. Txapelketa benjamin, kimu eta haur kategorian jokatuko dute, baina azkeneko kategoria horretan bakarrik lehiatuko dira. Hala ere, jakinarazi dutenez, parte hartzen duten gaztetxo guztiek jasoko dute domina bana. Iñaki Salas Durango Judo Klubeko arduradunak azaldu duenez, \"hainbeste gaztetxo batzen dituen lehiaketa antolatzea ez da erraza, baina Udalaren laguntzagaz eta Durangon ditugun azpiegitura egokiekin dena errazagoa da\".

Araudi berritzailea

Biharko txapelketa gaztetxoen judora bideratutako araudi berritzailea probatzeko ere erabiliko dute. Iñaki Salasek eta Marc Dailos Judo Nova Unió de Cataluñako kideek Frantziako benjamin eta kimuetako araudia eta Madrilgo eskola kirolekoa hartu dituzte oinarri moduan. Araudia hainbat torneotan proban ipini eta ahalik eta gehien hobetu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundira bidaltzea pentsatua dute, horretara, Bizkaia osoan indarrean ipini dadin. Araudi berriak helburu bi ditu. Batetik, gaztetxoek tatamian arriskutsuak edo mingarriak gerta daitezkeen teknikak ezingo lituzkete erabili: \"Tatami gainean denak ez duela balio gaztetatik ikasi dezaten gura dugu. Horrela, gazteak gehiago dibertituko dira eta kirola praktikatzen jarraituko dute\". Bestetik, araudi horregaz, gazteen mailetan irizpideak bateratzea gura dute, orain klub bakoitzak \"bere irizpide propioekin\" funtzionatzen baitu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!