Uematsu anaiak Durangon izango dira.
Iazko arrakastak bultzatuta, Durangoko Judo Taldeak II. Judo Stage-a antolatu du asteburuan. Iaz Wolfgang Heindel jiu-jitsuko munduko txapeldun ohia gonbidatu zuten, eta aurten ere ez dira atzean geratu: Uematsu anaiak (Kenji eta Kiyoshi) etorriko dira.
Stage-a Maristak ikastetxean egingo dute, zapatuan 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:30era, eta domekan 10:30etik 13:30era. Judoka biek erakustaldiak eskainiko dituzte eta parte-hartzaileen dudak argitzen saiatuko dira. Uematsu anaiak “Londresko Joko Olinpikoetara sailkatzeko lehian dabiltza, eta euren agenda estuan tarte bat aurkitu dute guretzako”, dio Iñaki Salas judo taldeko kideak. Luxuzko protagonistak dira, beraz.