Trenbide-pasaguneetako \'seguratsun eza\' ekarri du gogora Aitziber Irogoras alkateak, eta PSE-EEren \'utzikeria\' salatu du beste behin ere. Durangon pasaguneek sortzen dituzten arazoak behin betiko konpontzea eskatu dio Jaurlaritzari.
Durangoko alkateak, ohar baten bitartez, jakin eragin duenez, joan zen otsailaren 25, 26 eta 27an, trenbide-pasaguneetan sortutako arazoak jasan behar izan zituzten durangarrek: "Herritarren segurtasuna arriskuan jartzeaz gainera, trafiko arazo ugari izan dira pasaguneetan izandako akatsen ondorioz". Hori dela-eta, trenak Durangotik igarotzerakoan sortzen dituen arazoei irtenbidea topatu diezaion eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Garrio sailari Irigorasek, "durangar guztion izenean". Gogorarazi dio baita trenbide-pasaguneak "behar den moduan funtzionatzea" ere Jaurlaritzako Garraio sailaren betebeharra dela.
Durangoko alkateak nabarmendu duenez, "jakin badakigu Jaurlaritzako ordezkariak, udal agintariei muzin egin eta durangarrak gutxietsiz, argazkia ateratzera baino ez datozela Durangora. Horrexegaitik ezin dugu onartu agintariei dagokien erantzunkizuna albo batera utzi eta gure bizitzak arriskuan jartzea". Gaineratu duenez, "gertakari hauek frogatzen dute Arriolaren berbak ez direla airean barreiatzen, trenak barreiatzen ditu paso-nibelak goian direla".
Durangoko PSE-EEri ere egin dio eskaria Aitziber Irigorasek: Arriola sailburuari eskatu diezaiotela agindutakoa bete dezala eta, aldi berean, garraio sailburuak zuzendutako sailaren "kudeaketa txarra" kritikatu dezala.