Trenbideko lanak aurten amaitzeko eskatu du EAJk legebiltzarrean

Anboto 2012ko urt. 23a, 13:11

Ez-legezko proposamena aurkeztu dute legebiltzarrean, lanak 2012 barruan amaitzea eskatzeko. Obraren atzerapena eta haren gaineko \'informazio falta\' salatu dute Durangon egindako prentsaurrekoan

Ez-legezko proposamena aurkeztu dute legebiltzarrean, lanak 2012 barruan amaitzea eskatzeko. Obraren atzerapena eta haren gaineko \'informazio falta\' salatu dute Durangon egindako prentsaurrekoan.

 

"Gezurrez eta atzerapenez betetako historia" da trenbidearen lurperatzearena, EAJren ustez. "Teknikoki posible" dela, eta lanak 2012 barruan amaitzeko eskatu berri du alderdi jeltzaleak legebiltzarrean.

 

Legebiltzarrean aurkeztu duten idatziaren berri eman eta obraren gaineko "informazio falta salatzeko" prentsaurrean agertu dira Juanan Arieta-Araunabeña EAJko legebiltzarkidea, Andoni Ortuzar BBBko lehendakari eta legebiltzarkidea eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea.

 

Trenbidea amaitzeko "diru arazorik ez" dagoela eta obrei lehentasuna emateko eskaria egin dute EAJko kideek. Arieta-Araunabeñak salatu duenez, azken urteotan trenbideari auzian, "aurreikusitako partidak baino gutxiago exekutatu da". Andoni Ortuzarrek kritikatu du Garraio sailak "zigor politika" darabilela "Bizkaian, eta batez ere Durangon, trenbidearen lurperatzearen obragaz". Ez-legezko proposamenean eskatu dutena "aurrekontuetan esandakoa betetzea baino ez" dela nabarmendu du Ortuzarrek.

 

Garraio saila - udala hartuemana

Aitziber Irigoras alkateak adierazi duenez, Durangoko Udalak ez dauka Garraio sailagaz hartueman zuzenik: "albisteak komunikabideen bidez heltzen zaizkigu". Horrelako jardunda durangarrekiko "mespretxu hutsa" azaltzen dietela salatu du Irigorasek: "ahaztu egiten dira herritarrak direla egoeraren biktima, eta ez dute atzerapenen kausak azaltzerik lortu". Obren gaineko informazioa eskatzeaz gainera, trenbideagaz egondako arazoen gainean berba egin du alkateak: "hesiekin egondako arazoek arriskuak sortzen dituzte eta kontu handiz ibili beharreko kontuak dira".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!