Aitziber Irigoras alkate jeltzaleak trenbidearen lurperatze lanak noiz amaituko diren zehaztuz erakunde bien arteko hitzarmena sinatzea eskatu dio Iñaki Arriola Herri Lan eta Garraio Sailburuari. "Leialtasun falta" egotzi dio gobernu sozialistari
Gobernu sozialistaren "inprobisazio" eta "data-dantza" dela-eta lanon amaiera-data zehazteko konpromisoa eskatu dio sailburuaro Durangoko alkateak,: "Durangok ezin du gehiago itxaron, urgentzia handikoa da-eta trenbidea lurperatzea herriarentzat".
Trenbidea lurperatzeko lanen inguruan "ezer ez dakigu", alkateak salatu duenez: "Arriola sailburuak data bat aipatu zuen duela hilabete batzuk, orain beste bat eman du. Hauteskunde-epeen arabera inprobisatzen diharduela ematen du, durangarron lehentasunei muzin eginez". Beraz, diotenez, emandako azken data hori ezin dute "ontzat" eman, "duela hilabete gutxi lurperatze-lanak 2013ko udaberria baino lehen amaitzea ezinezkoa dela esan zuen-eta".
"Leialtasun eza" salatu du
Gobernu sozialistaren "leialtasun eza" dela-eta bere "ezinegona" adierazi du Irigorasek, Arriolak Durangora egindako bisitaldiaren ondoren: "Ohituta gaude Gasteziko agintariak Durangora etorri eta udal agintariei inolako deirik, argibiderik edo gonbidapenik egiten ez digutela ikusten. Gobernu sozialistaren leialtasun ezaren adierazgarri da hori". Ganeratu duenez, "penagarria" da gainerako agintariekiko erakutsitako "borondate eza".
Horren garrantzitsua deritzon proiektuaren aurrean, Lakuako gobernuaren "zehaztasun falta" horrek "atsekabetu" egiten diela nabarmendu du alkate jeltzaleak. Hala ere, EAJk obrak lehenbailehen amaitu daitezela eskatu ondoren, "pozarren" hartu dute jeltzaleek Lakuak lanok lehenago amaituko direla entzun izanak; "ez gara, baina, gehiegi fido".
Konpromisoa egiaztatzeko agiria
Ildo horretan, Aitziber Irigoras alkateak, erakunde dien artean, trenbidearen lurperatze-lanen amaiera egiaztatuko duen dokumentua sinatzera gonbidatu du Iñaki Arriola Herri Lan eta Garraio sailburua: "Horrela baino ezingo baitiegu adierazui durangarrei Lakuak konpromiso irmoa hartu duela trenbidea lurperatzeko proiektuaren inguruan. Izan ere, lanok amaitzean, udala burubelarri hasi beharko dadurangarron itxaropen eta asmo berriak lantzen, Durangoren garapena gauzatze aldera".