Durangoko Txosna Batzordeak San Fausto jaietarako prestatu duen egitaraua aurkeztu du. Aurten 25 urte bete dituen Intxaurre kultur elkartea txosnaguneko pregoia irakurtzeaz arduratuko da.
Txosna batzordeak eguneko ekimenak indartu gura dituela azaldu du. Egitarau zabala antolatu dute jaietarako. Urriaren 8an Gazte Egunean 400 lagun biltzeko erronka ezarri dute. Urriaren 9an, goizeko 11:00etatik hasita baserriko produktuen erakusketa eta dastaketa prestatuko dute. Julio Soto, Arkaitz Estiballez eta Onintza Enbeitak bertso saioa eskainiko dute. Urriaren 13an, "egunik parte-hartzaileena" izango da. Paella lehiaketa antolatuko dute eta arratsaldean erreka jaitsiera. Ekintza bi horiek ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan zabaldu gura dituztela azaldu dute. Urriaren 14ko kontzertuan, Zea Mays, Obrint Pas eta Iheskide txosnagunean izango dira. Urriaren 15ean, mozorro egunean, aurtengo gaia "itsasoa" izango da. Eta azkenik, urriak 16, azkeneko eguna, Pinondon jarriko dituzten txosnetan Pantxikari agurra egingo diote.
Txosna Batzordeak gaineratu dutenez, durangarrei, gizabanako zein elkarteei, ostalariei, eta abar eskerrak eman gura izan dizkiete. Udalari dagokionez, alderdi politiko guztiei ere eskerrak eman dizkiete "entzun, lagundu eta, gure ustez, ulertu egin gaituztelako". Deia egin diete durangarrei zein kanpotarrei Pinondora hurbildu eta jai giroan murgiltzeko.Txosnagunean ez dela onartuko jarrera sexista, homofobo edo arrazistarik adierazi dute.
Informazio gehiago: www.durangokotxosnak.org