Alde biak ados ipini dira hainbat puntutan eta atzo arratsaldean akordioa sinatu zuten. Oraindik adostu beharreko puntuak geratzen direnez, jaien ondoren elkarlanean jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute.
Agerraldi betaratua egin zuten atzo Durangoko Udalak, Euskara, Kultura, Hezkuntza Batzordeko presidente Andoni Iruarrizagak ordezkaturik, eta Txosna Batzordeak, Ainara Atorrasagasti eta Jose Alfarok ordezkaturik. Aurten txosnak Pinondon ipiniko dituzte eta Iruarrizagaren esanetan, “beste hainbat puntutan ere ados gagoz, hala nola, toki txandaketagaz jarraitzeari dagokiona, Zumar Kalea ordezkatuko duen kokapen berri bat ezarriz”. Era berean, “soinuaren erregulazio egoki bat bermatuko duen neurgailua jartzeagaz ere ados ipini gara eta neurri hori aurten bertan ipiniko da martxan”.
“Sintonia onean” dauden arren, oraindik landu beharreko puntuak dituztela onartu zuen Iruarrizagak eta elkarrizketek San Fausto jaien ondoren ere jarraituko dutela aurreratu zuen: “Txosnak herritarren ongizatea eta segurtasuna bermatzen duten kokapen batean barneratzeko behin betiko akordioa lortu arte txosna batzordeagaz batera lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu”.
Txosna batzordeko ordezkariak esker oneko agertu ziren: “Udalari, alderdi politiko guztiei, entzun, lagundu eta ulertu gaituztelako”; hala ere, “nahiz eta gai batzutan ados gauden, berbetan jarraitzeko eta adostasunetara heltzeko asmoa adierazi diogu elkarri”, adierazi zuen Ainara Atorrasagastik. Azkenik, San Fausto jaietan antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak.