Txosnen kokapenak aurrez aurre jarri ditu Txosna Batzordea eta Durangoko Udala. Txosnagunea Zumar kalean jartzeko baimena eman du udalak, baina Txosna Batzordea ez da kokapen horren aldekoa, eta Pinondo proposatu du txosnak ezartzeko gune legez. Txosnen arduradunek azaldu dutenez, “akordioa lortzeko saiakera egin gura dugu, herritarren atxikimendua sinadura bidez jasoz”.
Gaineratu dutenez, udalaren azken erantzuna txosnagunea Zumar kalean kokatzeko erabakia izan da. Jaiak “arriskuan” daudela ohartarazi dute txosnen arduradunek. Hala ere, akordio berri bat topatzeko “zabalik” daudela adierazi dute.
Akordioa
Txosnak non egokitu erabakitzeko udalagaz sinatutako errotazio sistemarako akordioa 2009an amaitu zen. Urte horretarako trenaren lurperatzea eginda egotea aurreikusten zuten, eta Ezkurdin lekua egongo zela txosnagunea egokitzeko. “Udalak errotazio horregaz jarraitu gura du”, salatu du Txosna Batzordeak prentsa ohar baten bitartez.
Txosnek Pinondo gune legez proposatzeko hainbat arrazoi mahaigaineratu dute. Txosnen komisioak adin guztietarako ekintzak antolatzen dituela azaldu dute, eta Zumar kalea, jende gutxiagok parte hartzeaz gainera, oso aparte geratzen dela herriko giroa aberasteko: “Elkarteondako diru-sarrerak askoz txikiagoak dira parte-hartze murritzagoaren ondorioz”. Elkarteen urte osoko aktibitatea baldintzatuta gelditzen dela salatu dute. Txosnetako arduradunen berbetan, auzokideekiko kalteak urriagoak dira Pinondon, zarata eta zabor mailei dagokienez.