Errotazio berria gauzatzeko herrigunetik gertu dauden beste kokaleku batzuk aztertuko dituzte.
Txosnek Pinondo izango dute aurten ere kokaleku. Udalak Zumar kaleko eta Pinondoko errotazio sistemagaz jarraitzea proposatzen zuen behin betiko leku bat topatu arte, akordio hori 2009an amaitu zen arren. Zumar kalea ez dela kokapen egokia iritzita, Txosna Batzordeak herrigunean gura zituen txosnak.
Joan zen eguenean udaleko Kultura Batzordean errotazio sistemagaz jarraitzea adostu zuten, baina beti ere Pinondo eta herrigunetik gertu dauden lekuak aukeratuta. Txosna Batzordekoen azaldu dutenez, errotazio sistema horregaz ados daude eta bost aukera aztertzen dihardute.
Akordiorik ez
Durangoko EAJk Txosna Batzordeari akordio zirriborroa helarazi dio txosnen jarduna erregulatzeko helburuagaz. Txosna Batzordeak azaldu dutenez, ez dator bat gobernu taldeak proposatzen dizkion hainbat puntugaz. Akordio horren eztabaidagaz jaien ondoren jarraitzea proposatu du Txosnen Batzordeak.
Komunikabide batean, txosnen araudi moduan definitutako dokumentuak udaleko alderdi politiko guztien onespena duela kaleratu dute. Bilduk eta Aralarrek informazio hori gezurtatu dute, prentsa ohar bidez. “Artikuluan aipatzen den araudiaren kopiarik ez dugu jaso ere egin”.
Bestalde, udaletxetik zirriborro bat helarazi diote Txosna Batzordeari akordio zabalago bat adostu asmoz. Besteak beste, zirriborro horretan agertzen denez, datorren urtean “lehentasuna txosnak Kurutziaga kalean jartzea” da. Horretarako, ordea, lehengo azterketa teknikoa egin beharko da posible den edo ez jakiteko.
Txosna Batzordeak zirriborroa aztertuko du. Aste honetan udalagaz batzeko asmoa dute horren gainean eztabaidatzeko.
EUDELeko lehendakaria eta exekutiba berria aurkeratzeko batzarrean Aitziber Irigoras alkateari txosnen inguruan galdetuta zera adierazi du: "Gure helburua aurtengo ez ezik hurrengo urteetarako ere akordioa bat iztea da". Horrekin batera "bai alderdiek eta bai Txosna Batzordeak akordioetara heltzeko orain arte erakutstako borondatea" azpimarratu ditu.