Bideografik Ekoizpenak etxeak \"TAMUR: Kangchenjungako harribitxia\" dokumentala aurkeztuko du Durangon gaur, 44. Euskal Liburu eta Disko Azokaren baitan.
Dokumentala San Agustin aretoan emango dute lehenengoz, eguerdiko 12:00etan. Sarrera debaldekoa izango da. Lanak 45 minutu inguru irauten du eta hainbat bezeroz osatutako espedizioak Nepalera egindako bidaia azaltzen du. Bideografik-ek eta Ur Nomade abentura-enpresak ekoitzi dute filma, eta 2009ko azaroan grabatu zuten.
Estreinaldiaren aurrerapen moduan, Bideografik-ek filmaren trailerra eman du eta hitzaldi batean grabazioaren gorabeherak azaldu ditu Euskal Liburu eta Disko Azokako hitzaldien aretoan.
Dokumentalaren sinopsia
Nepal barrualdetik bidaiatzea abentura bat bizitzea baino gehiago da. Denboraren makinaren bitartez Asia osoko lekurik eder eta benetakoenetako batean murgiltzea da. Lau eguneko ibilaldia haranen eta Himalaiako mendien artean jaitsieraren hasieraraino iristeko, Dooban herriraino. Bertan hasten da sei eguneko jaitsiera Tamur ibaian behera, Kangchenjungako harri-bitxian. Achuut-ek eta Txusek zuzendutako espedizioak berbaz adierazi ezin diren bizipenez gozatuko du ibaian zehar hango jendearekin hartu-eman zuzenean, ibaia biziaren ikurra baita Nepalen.
TAMUR: Kangchenjungako Harribitxia (Teaser) from BIDEOGRAFIK EKOIZPENAK on Vimeo.