Greba mugagabea hasi dute Fumbarrin

Anboto 2010ko urr. 19a, 10:00

Joan zen barikuan egindako asanbladan erabaki zuten mugarik gabeko huelgari ekitea. Komiteko sindikatu biak, LAB (lau ordezkari) eta CCOO (ordezkari bakarra), ados ipini dira. Guztira 90 langile ditu enpresak (horietako 20 bat bazkideak dira) eta joan zen barikuan asanblada egin zuten auziari buruz berba egiteko. Jon Ugarte LABeko ordezkariaren esanetan \"bazkideen iritzia jakin gura genuen, baina ez zen bakar bat ere etorri\". Guztira 34 behargin batu ziren eta horietatik 27 greba indefinituaren alde agertu ziren: \"Etorri ez direnetako asko ere huelga mugagabeagaz ados daudela esan digute\". Enpresan ordezkaritza duten sindikatu biak (LAB eta CCOO) ere ados daude. [imgd]http://www.anboto.org/images/8200/8299/1.jpg[/imgd] Asanblada amaitu bezain laster jakinarazi zioten enpresako zuzendaritzari greba egiteko asmoa zutela. Jakinarazpen horretan \"mahaian eseri eta negoziatzeko prest geundela esan genien berriro, baina oraingoz ez dugu ezelango deirik jaso\". Oraintsu behargin bi kaleratu dituzte eta \"beste batzuk kaleratzeko arriskuan\" daudela adierazi dute. Horiek horrela, bigarren enplegu-erregulazioan sindikatuek duten eskakizun nagusia \"langile guztien lanerako bermea segurtatzea da\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!