"Erantzun kolektiboak sortu gura ditut erakusketagaz"

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 28a

Irati Bazeta artista abadiñarrak irabazi zuen iazko Sormen Beka, 'Harien isla' margolaritza proiektuagaz. Urtebetean lanean egon eta gero, abenduaren 5ean inauguratuko du erakusketa, Arte eta Historia Museoan, 13:00etan

Iaz, beka irabazi zenuenean, euskararen inguruko hainbat galdera sortu gura zenuen. Topatu duzu erantzunik? 
Galderei erantzun baino gehiago, jendeagaz elkarrizketa moduko bat sortzea izan da asmoa. Ikusleak margolanekin, ispilu batzuekin eta galdera batzuekin topo egingo du aurrez aurre. Horrenbestez, erantzunak kolektiboki eraikitzeko asmoa du erakusketak. 

Euskararen kezka zehatzei ipini diezu aurpegia?
Eboluzio bat irudikatu dut. Lan batzuetan, kontzientziarik bako egoera hori irudikatu dut, hau da, zapalduta egon arren horretaz jabetzen ez zaren momentu hori. Eta beste batzuetan begiak zabaltze hori ageri da, ahalduntze kontzientea. Euskarak jasandako hainbat zapalkuntza eta indarkeria islatu dut, baita euskalgintzak egindako lana ere. Azkenik, autokritikarako tartea dago. Azken horretan, euskaldun motak estereotipoen edo aurreiritzien arabera baztertzen ote ditugun hausnartu dut. 

Zein teknika erabili duzu?
Lanik gehienak akrilikoak dira, eta, erakusketaren izenburuak dioen moduan, hariak irudikatu ditut askotan, elementu sinboliko legez. Hariak oso presente daude, horiek lotzen baikaituzte gauzetara, sistemara. Gero, oliozko pare bat lan daude. Erakusketako koadrorik handienak teknika horregaz egin ditut. Beste lan batzuetan collage teknika erabili dut. Sareak daude hor, zinta itsasgarria, ANBOTO astekariaren txatalak ere bai!

Eta koloreen erabilera? Zelan erabaki duzu batzuk eta besteak erabili?
Urre kolorea nahiko presente dago, kolore horrek boterea sinbolizatzen duelako etengabe. Batzuetan, botere hori zapaltzailea izan daiteke, eta beste batzuetan ahalduntzeak dakarren boterea. Hori erabili dut egoera bat ala bestea irudikatzeko. Gero, urdina dezente sartu dut, halako sakontasun bat ematen duelako, eta gorriagaz gordintasuna irudikatu dut, odola. Oro har, kolore biziak erabili ditut. Ez nuen pastel-kolorerik erabili gura, horrek ez bustitzea edo ez lerratzea irudikatu dezakeelako. Eta gero, badago landa eremuko emakume baten koadroa ere. Hor marroi asko erabili dut, lurra irudikatzeko eta lur horren hizkuntza irudikatzeko. 

Urtebete honetan sentitu duzu presiorik?
Zortzi orduko lanpostu bat daukat, horrek ematen dit bizibidea. Beraz, diziplina apur bat behar izan dut. Astero-astero topatu behar duzu astia proiektua lantzeko. Edozelan ere, ez da prozesu larria izan. Urri aldera presio gehiago igarri dut. Izan ere, perfekzionista izatera gatxagoa izaten da lan bat amaitutzat ematea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!