Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak jaso du aurtengo Sormen Beka

Anboto 2024ko abe. 8a, 13:01

"Euskara jendea" gaitzat hartuta, esku-hartze artistikoa egiteko urtebeteko epea izango du Irati Bazetak. Margogintza landuz dozena bat pieza sortuko ditu, eta 60. Durangoko Azokan erakusketa egingo du. "Euskararen inguruko hainbat hausnarketa konpatitu ditut azken aldian, eta hainbat galdera sortu zaizkit. Nik ez dut erantzun bakarra planteatuko, baina hausnarketa baliagarria izatea gura dut'", azaldu du Bazetak ekitaldian.

Hariaren isla da artista abadiñarrak aurkeztu duen proposamena. Margogintzan oinarrituko da eta sortzeko asmoa duen dozena inguru piezegaz erakusketa egingo du 60. Durangoko Azokan. 15.000 euroko beka jasoko du Irati Bazetak, eta urtebete izango du proiektua gauzatzeko. Bere berbetan, Sormen beka "aukera paregabea" da bere lana gauzatzeko. 

Zazpigarren beka

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sustatzen duten bekaren zazpigarren deialdia izan da hau. Sortzaile berrien bidelagun izateko bekak urteotan izandako ibilbideagaz pozik agertu da Nerea Mujika Gerediagako presidentea. "Gazteen lanek erakusleiho bat izatea gura genuen, eta horrela izaten ari da. Ilusio berezia egiten dit urtero egiten dudan agerraldi honek". Aurreko proiektu sarituak zerrendatu ditu jarraian: Atopia rol jokoen egitasmoa, Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus-entzunezkoa, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzzlana eta Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!