Tabirako zentro ekonomikoaren garapena "blokeatzea" egotzi dio EH Bilduk EAJri

E.H. 2025ko urr. 17a, 11:16

Koalizio subiranistaren esanetan, Durangoko Udalak "ez du aurrera egin proiektua gauzatzeko behar diren urratsetan". Tabirako lur industrialei erabilera berria eman ahal izateko udalerriko Plan Orokorra moldatu beharko litzatekeela dio EH Bilduk, eta EAJri leporatu diote pauso hori urte bi eta erdian "geldi" izatea. 

Tabirako prestakuntza eta zentro ekonomiko berriaren garapena "paralisian" edukitzea leporatu dio Durangaldeko EH Bilduk EAJri. Subiranistek Durangoko Udalaren teilatu gainean ipini dute pilota:  "Durangoko Udalak, EAJk gobernatuta, ez du aurrera egin proiektua gauzatzeko behar diren urratsetan". Hiri Antolamendurako Plan Orokorra "geldituta" izatea leporatu diote, hain zuzen ere.

EH Bilduren esanetan, Tabirako lurren kalifikazioa aldatzea behar da bertan zentro ekonomiko berria eraiki ahal izateko. Hau da, azpiegitura berria Fundifes galdategi zaharraren orubean eraikitzea aurreikusia dagoenez, koalizioaren esanetan beharrezkoa da lurren erabilera industriala prestakuntzarako lurren kalifikazioaz ordezkatzea. Eta lurrok Durangon daudenez, betebehar hori udalarena dela adierazi du. Hori guztia dela eta, prozesua "geldituta" izatea eta azpiegitura berriaren garapena "galaraztea" leporatu diote Durangoko Udalari: “Denak berdin jarraitzen du duela bi urte eta erditik: argazkiak, promesa hutsak eta kudeaketa eraginkorrik batere ez. Durangaldeko garapen ekonomikoak ezin du Durangoko EAJren borondate politiko ezaren menpe jarraitu”, kritikatu du Durangaldeko EH Bilduk.

"Lankidetza"

Fundifes galdategi zaharrean prestakuntzarako eta ekonomiaren garapenerako zentroa sortzeko proiektua ez da berria. Maristak ikastetxeak bertan ipini gura du bere zentro berria, eta eremu horretan esku hartzekoak dira, halaber, eskualdeko Lanbide Heziketa ikastetxeak eta hainbat enpresa. Proiektu hori DEK Durangaldea Enpresa Ekimena elkartea dabil garatzen, eta hainbat instituzio publikoren babesa du.

Durangaldeko EH Bilduk "balioan" ipini du DEK Durangaldea Enpresa Ekimenaren "lan garrantzitsua", horrek "ekintzailetza programen kudeaketan, etengabeko hobekuntzan eta berrikuntzan funtsezko eginkizuna" betetzen duelakoan. Prozesu horrek "erakunde publikoen, enpresen eta prestakuntza zentroen" arteko "lankidetza" behar duela ere azpimarratu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!