Durangaldeko Ekogarapen Gunea aurkeztu dute, goi-mailako prestakuntza eta ekonomia bateratuko dituen proiektua

Ekaitz Herrera 2023ko ots. 28a, 14:16

Azpiegitura berria Durangon eraikiko dute, garai bateko Fundifes lantegiaren orubean. Proiektuan eskualdeko enpresek eta Lanbide Heziketa ikastetxeek esku hartuko dute, eta bertan integratuta egongo da Maristen ikastetxe berria. Proiektuaren sustatzaileen artean DEK Durangaldea Enpresa Ekimena, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza daude. 

"Ekonomiaren sustapena eta goi-mailako ikasketak bateratzeko ekosistema". Definizio horrekin aurkeztu dute Durangaldeko Ekogarapen Gunea, etorkizunean Durangon kokatuko den azpiegitura berria. Eremu bakar batean, "Lanbide Heziketa, Unibertsitate prestakuntza, ikerketak, ekintzailetza, sektore berriak eta negozio aukerak" bateratzea gura dute, horrekin, eskualderako "lehiakortasuna" eta "enpresen modernizazioa" garatu, eta "talentua atxikitzeko". Proiektua DEK Durangaldeko Enpresa Ekimenak garatu du, eta erakundeak bidelagun ditu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Azpiegitura berria Fundifes lantegia zegoen eremuan kokatzea aurreikusi dute, eta eremu horretan integratuta egongo da Maristen ikastetxe berria. Lur arloa 14.200 metro karratu zabal da eta Sprilur enpresa publikoa da orubearen jabea. Sprilur jada hasia da deskonaminatze lanak egiten. DEK ekimenak 2025ean hasi gura ditu azpiegitura eraikitzeko lanak. 

Proiektuak behin-betiko diseinurik ez duen arren, sustatzaileen asmoa bertan lur azpiko aparkalekua ipintzea eta inguruan autobus geraleku bat ipintzea da. Horrez gainera, bidegorriekin lotuko dute eremua. Barrualdean, berriz, "enpresentzako laguntza aholkularitza, eskualdeko lehiakortasunaren behatokia, oinarri teknologikoko enpresen inkubagailua", eta "startup" eta "coworking" enpresa proiektuetarako lekuak eskaintzea aurreikusi dute.

Durangaldeko Ekogarapen Gunea eguerdi honetan aurkeztu dute Durangoko Elkartegian. Proiektuaren nondik norakoak Mireia Elkoroiribe DEK Durangaldea Enpresa Ekimeneko presidenteak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak eman dituzte. Aurkezpenean, eskualdeko hainbat enpresatako kideak, ikastetxeetako arduradunak eta hainbat herritako zinegotziak egon dira.

ESANAK:

  • Mireia Elkoroiribe (DEK Durangaldeko Enpresa Ekimena): "Denbora askoan landutako proiektua da, instituzioen arteko elkarlanean oinarritua. Proiektuak ekonomia bultzatzen lagunduko du, eta lehiakortasuna, proiektu berriak, ekintzailetza, formakuntza eta talentua sustatuko ditue. Eredu ekonomiko berria behar dugu eskualdearentzat. Ardatzak enpresa jasangarriak, inteligenteak eta kreatiboak sortzea eta inbertsio berriak ekartzeak dira". 
  • Arantxa Tapia (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Azpiegitura Sailburua): "Egun handia da gaurkoa. Badakigu instituzio publikoen eta enpresa pribatuen arteko elkarlana dela bidea. Berrikuntza, garapena eta nazioarteratzea landu behar ditugu, eskualdetik hasita. 
  • Elixabete Etxanobe (Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua): "Proiektu hau konpromisotik sortu da. Egitasmo honek Durangaldeko ongizatea hobetzeko hausnarketa parte hartzaile batetik irten du. Hori da bere bertute handienetakoa. Teknologiagaz eta ezagutzagaz Durangaldea dinamizatu behar dugu". 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!