Udal eta foru hauteskundeak

Mireia Elkoroiribek eta Arantxa Tapiak "Ekogarapen Gunearen etorkizuneko lurrak" bisitatu dituzte

Anboto 2023ko mai. 17a, 13:51

Ekogarapen Guneak "kalitatezko enplegua, lehiakortasun handiagoa eta balio handiko enpresa berriak sortzea" ahalbidetuko duela adierazi du Elkoroiribek. Tapia sailburuak gaineratu du proiektuak "Udalaren bultzada" behar duela, ezinbestekoak diren "tramitazio urbanistikoak" martxan ipini ahal izateko. 

Durangoko EAJren hautagaiak, Mireia Elkoroiribek, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailburuak, Arantxa Tapiak, Fundifes lantegia izanikoaren lurrak bisitatu dituzte. Izan ere, Durangoko EAJk,  bertan Durangaldeko Ekogarapen Gunea eraikitzeko proiektua dauka jasota hauteskunde programan. Jeltzaleen aurreikuspenen arabera, proiektuan eskualdeko enpresek eta Lanbide Heziketa ikastetxeek esku hartuko dute, eta bertan integratuta egongo da Maristen ikastetxe berria. Proiektuaren sustatzaileen artean DEK Durangaldea Enpresa Ekimena, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza daude. Mireia Elkoroiribek azaldu du gune berri horrek "kalitatezko enplegua, lehiakortasun handiagoa eta balio handiko enpresa berriak sortzea" ahalbidetuko duela. Arantxa Tapia sailburuak, bestalde, proiektuak "Udalaren bultzada" behar duela azpimarratu du. Udalak ipini beharko lituzkeelako martxan, beharrezkoak diren "tramitazio urbanistikoak".

Fundifes lantegia izanikoaren lur arloa 14.200 metro karratu zabal da. Sprilur enpresa publikoa da orubearen jabea. Sprilur jada hasia da deskonaminatze lanak egiten. DEK ekimenak 2025ean hasi gura ditu azpiegitura eraikitzeko lanak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!