Eskualdeko jokalarien presentzia gutxituz joan da Athleticek 2009tik hona jokatu dituen Errege Kopako bost finaletan

Joseba Derteano 2024ko mar. 25a, 10:00
Athleticeko jokalariak zelai erdian batuta, Kopako partidu batean. Athletic Club

Athleticek, 15 urtean, Errege Kopako seigarren finala jokatuko du apirilaren 6an. Durangaldeko jokalaririk bako finala izango da eta ez da salbuespena, apurka gutxituz joan delako hemengo jokalarien presentzia Kopako partidu handian. 2009tik 2015erako hiru finalen artean Durangaldeko lau jokalari aritu ziren. Harrezkero, ez da eskualdeko jokalaririk izan zelaian.

2009ko aldia berezia izan zen gainerakoekin alderatuta, Athleticek 24 urte zeramatzalako Kopako finalik jokatu barik. Koikili Lertxundi otxandiarrak eta Fernando Amorebieta iurretarrak osorik jokatu zuten partidu hura. Amorebietak 2012ko finala ere jokatu zuen, berriro ere hasierako hamaikakoan zelairatuta. Athleticek hiru urte geroago jokatu zuen hurrengo finala, 2015ean. Xabi Etxeita zornotzarrak partidu osoa jokatu zuen. Bestalde, Ander Iturraspe abadiñarra azkenengo ordu laurdenean zelairatu zen, Mikel Rico ordezkatuta. Sasoi hartan, Iturraspe ohikoa zen hasierako hamaikakoan, baina aste bi lehenago Europa Leagueko finala hasieratik jokatuta, aulkian hasi zuen Errege Kopakoa. 

2020ko eta 2021eko finaletan —biak 2021ean jokatu ziren, pandemiagaitik— ez zen eskualdeko jokalaririk izan zelaian. Jon Morcillo zornotzarrak aulkitik jarraitu zuen bigarren finala, Bartzelonaren kontrakoa. Hain zuzen ere, iazko abuztuan Morcillo Athleticek utzita Amorebietara joan zenetik, talde zuri-gorrian ez dago eskualdeko ordezkaririk.

Zelaian ezin izan zutena harmailetan ospatu gura dute. Koikili eta Etxeita Athleticeko bazkideak dira eta finalerako sarrerak egokitu zaizkie. Lehenengoz biziko dute Athleticen Kopako final bat harmailetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!