“Athletic Hiria jendez beterik ikustea hunkigarria izan zen guretzat"

Anboto 2024ko mar. 25a, 10:00

Xabi Etxeitak titular jokatu zuen 2015ko finala; oraingoan zale bat gehiago izango da harmailetan.

Zelan gogoratzen dituzu 2015eko finalaren aurreko egunak?
Aurreko astea ilusioaren astea izan zen. Lagunak, senitartekoak… denak bidaia prestatzen zeuden, ilusio itzelagaz, eta jokalariok ere berdin. Azkenengo hiru-lau egunak oso intentsoak izan ziren. Bagenekien Bartzelona handi baten kontra jokatuko genuena. Gainera, finala Bartzelonan bertan zen. Dena kontra izanda, finala irabazteko aukerak motibazio estra bat eman zigun. 

2009ko finala ez zenuen jokatu, baina talde hartako jokalaria izan zinen. Aurreko egunak zelakoak izan ziren?
Desberdina izan zen. 24 urtean lehenengo finala zuen Athleticek. Gabarraren irudiak ipintzen zizkiguten, erreka ingurua jendez beteta. Hori errepikatu genezakeela sentitzea berezia zen guretzat. Gogoan dut finala jokatu baino hiru-lau egun lehenago joan ginela Madrilera, kontzentratzera. Inguruko giro horretatik aparte egon ginen azken egunetan. Gero, Athletic Hiria gunea zalez beterik ikustea oso hunkigarria izan zen guretzat. 

Izarrez beteriko Bartzelona hark ez du zerikusirik Mallorcagaz. Baikortasuna igarri duzu zaleengan?
Bai, inguruan baikortasuna ikusten dut, partidu hori irabazita balego lez. Baina futbol profesionala barrutik bizi izan dugunok badakigu hori ez dena horrela. Mallorcak badu ahalmena partidua irabazteko. Final batean edozer gertatu daiteke. Athleticek aurten jokatzen dabilen moduan jokatzen badu faborito izango da, baina jakinda aurkariak ere bere baliabideak dituela irabazteko. 

Non egon daiteke finaleko gakoa?
Mallorca oso talde ordenatua da, eta defentsan gogorra. Aurrelari indartsu bi dituzte eta geldikako jokaldietan arriskutsuak dira. Athleticek urtean zehar eginikoa errepikatu behar du: erritmo handia eman partiduari, intentsitatea sartu. Hegaletan jokalari trebeak ditu eta min handia egin dezake Nico Williamsegaz eta beste batzuekin. 

Non biziko duzu finala?
Athleticeko bazkidea naiz; zortea izan dut eta zozketan sarrera egokitu zait. Finaleko egunean partidua neukan Amorebietagaz, baina azkenean barikura aurreratu digute eta Sevillara joan naiteke. Lehenengoz biziko dut zaletu lez harmailetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!