“Eskarmentua eta irabazteko gosea osagai onak dira finalaren aurrean"

Joseba Derteano 2024ko mar. 25a, 10:00

Koikili Lertxundi, 2009ko finalista, itxaropentsu dago apirilaren 6ko finalari begira. 

Aspaldian final dezente jokatu du Athleticek, baina susmoa dut 2009koa denetan bereziena izan zela. Zelan gogoratzen dituzu finalaren aurreko egunak?
Otsailean sailkatu ginen eta maiatzean jokatu genuen finala. Hiru hilabete izan genituen momentua gozatzeko, imajina ezazu. Oso modu berezian bizi izan genuen, azkenengo finaletik urte asko joan zelako eta gure belaunaldia horrelakorik bizi barik zegoelako. 

Halakoetan gatxa izan behar du kanpoko zarata guztia alboratu eta zentratu beharrekoan bakarrik zentratzeak.
Bai, gatxa da eta gure kasuan ezinezkoa ere izan zen. Final hura behin ikusi dut errepikatuta, eta partidu hasieran kamera jokalarion aurretik pasatu zenean denok zurbil geundela ikusten da. Aldageletatik tunelerako bidean ere halako urduritasun bat igartzen nuen. Gero, egia esan, partidua oso ondo eta kontzentratuta hasi genuen, baina hasi aurreko momentuetan estu geunden. Igartzen zen ez geundela ohituta horrelako partiduak jokatzera. Halako egoera bat kudeatzea ez da erraza. Zorionez, orain eskarmentu handiagoa dugu. Kopako aurreko bost finalak galdu izanaren ernegua ere ikusten dut. Eskarmentua eta irabazteko gosea osagai onak dira finalari aurre egiteko. 

Zuek historiako Bartzelonarik onenetarikoa izan zenuten aurkari. Mallorca talde apalagoa da. Inor izatekotan, Athletic da irabazteko faborito. Faborito izatea norberaren kontrakoa izan daiteke?
Errespetu guztiagaz esanda, ikusi orduko Bartzelona eta ikusi oraingo Mallorca. Alde handia dago. Athletic hau eta ordukoa ere ez dira berdinak. Gu ez ginen momenturik onenean heldu finalera. Finalera sailkatu ginenetik finala jokatu arteko ia partidu guztiak galdu genituen, atera kontuak. Orain, taldea sasoi puntu onean helduko da finalera. Guk bizi izan genuen antsietate puntua gure kalterako izan zen, baina oraingoa onerako izan daitekeela esango nuke. Baina, jakina, final bat da eta sekula ere ez jakiten zer gertatu daitekeen. 

Non ikusiko duzu finala?
Sevillan! Zozketan finalerako sarrera egokitu zait. Lehenengoz biziko dut harmailetan, edozein zaleren moduan. Errepasoa eginda, Superkopa irabazi genuenean Bizkaia Irratian nengoen. 2020ko eta 2021eko Kopako finaletan Radio Euskadin egon nintzen. Oraingoa beste edozein zaleren moduan gozatuko dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!