Jose Antonio Gisasola 'Zelai'-k eta Lidia Cañetek Bizkaia Kirola sariak jaso dituzte

Anboto 2024ko mar. 12a, 10:37
Jose Antonio Gisasola 'Zelai', argazkiaren ezkerreko aldean. Lidia Cañete, argazkiaren eskumako aldean. (Bizkaia.eus)

Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2024ko Bizkaia Kirolak Sariak banatu zituen atzo. Hainbat arlotako bederatzi sari banatu zituzten eta euretako bi eskualdeko kirolarientzat izan ziren: Jose Antonio Gisasola 'Zelai' eta Lidia Cañeterentzat.

Gisasola harri-jasotzaile mallabitarrak Leialtasun Saria jaso zuen, Bizkaiko kirol-erakundeetan zuzendaritza-postuak betetzen ari diren edo aritu izan diren Bizkaiko pertsonei zuzendutakoa. Lidia Cañete arku-tiralari durangarrak —Zaldibar Arku Taldean dabil—, berriz, Iparrizar Saria jaso zuen, kategoria absolutuaren ondorengoetan lehiatzen diren kirolari federatuei bideratutakoa.

Gainerako sarituak honako hauek izan ziren: Erika Mugartegi (Izar Gaztea saria), Mikel Garcia (Argizagi saria), Portugaleteko Klub Nautikoko igeriketa artistikoko taldea (Ostadarra saria), Gentzane Ortiz (Zuzentasun saria), Unai Arroita (Lidergotasun saria), Loiola Indautxu kluba (Kidetasun saria) eta Wop Challenge 2023 (Ikusgarritasun saria). Ernesto Diazek ohorezko saria jaso zuen kirol-kazetaritzan egindako lanagaitik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!