“Arku-tiroan ez dago alderik gizonen eta emakumeen artean; kirola bateratu beharko litzateke”

Joseba Derteano 2018ko ira. 23a, 10:00

Euskadiko arku-tiroan erreferenteetako bat eta Euskadiko federazioko juntako kidea da. Baina bere esperientzia, arrakasta eta posizioa ez dira nahikoa ilogikoak iruditzen zaizkion egoerak aldatzeko. Bitartean, goi mailan lehiatzen jarraitzen du Lidia Cañetek (Durango, 1969). Asteburuan Euskadiko kluben arteko txapelketan aritu da Zaldibar Arku taldeagaz.

Zelan joan da txapelketa?
Modalitate kurbatuan parte hartu eta seigarren amaitu dugu. Ezin izan dugu orain urte bi lortutako hirugarren postua berdindu. Taldekide biek ez dute nahi adina entrenatzeko modurik izan eta igarri egiten da. Talde irabazlea kenduta, gainerako denak oso pareko ibili gara, baina, azkenean, ezin izan dugu aurrerago amaitu. Klubeko beste taldeak, modalitate tradizionalean, zortzigarren amaitu zuen. Kasu horretan, emaitza ona da. Ez dira txapelketetan asko ibili eta esperientzia hartzeko balio izango die. Balorazio positiboa egiten dute.

Bestela, zelan doa denboraldia? Espainiako txapelketagaz ez zinen oso gustura geratu…
Ez. Ez zitzaidan ondo irten. Espainiako Txapelketan hiru bider parte hartu dut eta azken hau, Santanderrekoa, aire libreko lehenengoa izan da. Pena izan da, badakit-eta zertxobait hobeto egin nezakeena.

Zer gertatu zitzaizun?
Baliteke urduritasunagatik izatea. Datorren urtean beteranoen mailara igaroko naiz, eta, beraz, azken aukeretako bat nuen. Aire librean egindako saioak konplikatuak dira, faktore asko sartzen direlako jokoan: argitasuna, haizea…

Euskadikoan arantza hori atera zenuen.
Euskadikoan bai, gusturago ibili nintzen. Espainiakoan baino 30 puntu gehiago lortu nituen baldintza berdinetan. Alde handia da. Horrez gainera, emakumeei gertatzen zaigun kontu bat azaleratu gura nuke. Bizkaiko txapelketan gertatzen da eta Euskadikoan gertatu daiteke, gutxi etortzen badira. Lau baino gutxiago batzen bagara, ez dugu kanporaketarik izaten. Beraz, demagun, hiru bakarrik gaudela. Gure geziak jaurtiko ditugu, baina ez da Euskadiko edo Bizkaiko txapeldunik izendatuko.

Zer irtenbide ikusten diozu?
Arku-tiroan ez dago alderik gizonen eta emakumeen artean eta kirola bateratu egin beharko litzatekeela uste dut. Denbora asko daramat horren alde borrokan, baina ez dute entzun ere egin gura. Gutxienez, lehen azaldu dudan egoera konkretu horietan, txapelketara lau baino gutxiago azaldu direnetan, gizonekin batera aritu beharko ginateke.

Gizonek eta emakumeek lortzen duten puntuazioan badago alderik?
Ez, eta batzuetan emakumeenak handiagoak dira.

Emaidazu adibide bat.
Begira, Euskadiko Txapelketako lehenengo tiroan Mirene Etxebarriak 620 puntu lortu zituen, nik 617 puntu eta gizonetako onenak 600 puntu. Baldintza berdinetan, 70 metrora. Hasierako tiro horretatik irteten dira osteko kanporaketak. Hainbat bider gertatu da berdina.

Noren esku dago hori aldatzea? Espainiako federazioaren esku?
Bai, eta beste federazioen esku. Bizkaikoan saiatu nintzen, baina ezin. Kasu horretan, emakume batzuengatik izan zen. Batzuek ez zuten gura eta ezetz dioen bakar bat badago, ez dute aldatzen… Lelokeria iruditzen zait, baina tira.

Zergatik ez zuten gura?
Ez dakit, ba. Eurei galdetu behar.

Zelakoa da arku-tiroaren egoera Euskal Herrian?
Gizonen eta emakumeen artean 1.000 federatu inguru daude, baina askok ez dute txapelketetan parte hartzen.

Zelakoa da Zaldibar Arku Taldearen egoera?
Ona. Gaur egun, 20 bat lagun gabiltza. Eskola kirolean ere murgildu gara. Udalak lokal eder bat uzten digu entrenatzeko. Eguneko 24 orduetan erabilgarri dugu gainera. Itzela da.

Euskadiko eta Bizkaiko txapelketak makina bat bider irabazi dituzu. Zer geratzen zaizu lortzeko? Non aurkitzen duzu motibazioa?
Arku-tiroan kontzentrazio handia behar da, burua libre izan behar duzu. Tiro gunean sartzen zarenean, bizitzako arazo guztiak alde batera utzi behar dituzu, bestela ez zara ondo arituko. Niretzat arku-tiroa osasuna da. Osasuna ematen dit eta behar dut. Niretzat bakarrik den unea da.

Arku-tiroa kirol metodikoa da?
Dena beti berdin egitea garrantzitsua da. Gorputzaren kokapena, mugimenduak, arnasketa… Begira, orain hiru urte alboka musika instrumentua jotzen hasi nintzen. Modu jakin batean errepikatzen den arnasketa lantzea eskatzen du. Segundo batzuetan arnasa hartu barik egoten ikasten da. Horrek arku-tirorako lagundu dit eta gomendio hori eman gura nuke: haize-instrumentuak jotzeak lagundu egiten du arku-tiroan. Niri behintzat lagundu dit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!