[ARGAZKI GALERIA] Erika Mugartegik eta Maialen Aldazabalek desenpatean irabazi dute Euskotren Winter Series txapelketa

Anboto 2024ko mar. 12a, 09:29

Mugartegik jaso du pilotari onenaren saria eta bigarren urtez jarraian irabazi du txapelketa.

Erika Mugartegik eta Maialen Aldazabalek garaipen handia lortu zuten atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Frontoia lepo beteta, sarrerak aurrez agortuta eta ikusmina hain handia izanda, gai izan ziren egoerari buelta eman eta hasiera txarra zuzentzeko.

Partidaren hasiera ez zen izan erosoa bikote horiarentzat. Mugartegi, gerora partidako onena izango zena, urduri atera zen kantxara. Asmatu ezinik. Eta egoera ondo aprobetxatu zuten aurkariek. Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi seguru aritu ziren eta Durangoko aurrelariak tanto politak ere bukatu zituen aurrean. Eurentzako izan zen lehen seta: 15-10. Bigarrenean Mugartegik min izugarria egin zuen, batez ere, pilota biziarekin eta horixe izan zen seta eskuratzeko gakoa: 11-15. Beraz, hirugarren setean erabaki zen finala. Lehenengo tantua Barrenetxeak eta Lejardik egin zuten (1-0) baina handik atzerako beste bostak, horientzat izan ziren.

Barrenetxeak ez du txapelketa irabazi, baina oso sentsazio onak utzi ditu. Urtebetean gorakada handia eman du durangarrak eta atzamar puntekin ukitu du txapela. Hurrengoan izango da.

Gizonen finala

Banakako Serieseko finalean, Johan Sorozabal aurrelari gaztea izan zen garaile Aritz Erkiaga egungo txapeldunaren aurka: 9-12, 10-12. Ezustekoa handia da Ispasterko zesta-puntariak zazpi urte zeramatzalako buruz buru partidarik galdu gabe.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!