Durangaldeko merkatarien elkarteek eta udalek agerraldia egin dute Dena bertan! kanpainari hasiera emateko. Herritarrei adierazi diete beharrezko produktu guztiak eskualdean eskuratu ditzaketela, "inora joan beharrik edo inondik ekarri beharrik barik". Behin eta berriro azpimarratu dute denerik daukatela: elikagaiak, jantziak, jostailuak, etxetresnak, liburuak, altzariak, kosmetikoak,... dena. Eta hori guztia, eskura, bertan daukatela. Berdin Zornotzan, Berrizen, Abadiñon, Elorrion, Iurretan zein Durangon. "Durangaldeko denda txikiak merkataritza-sare erraldoia gara. Hementxe dauzkazu behar dituzun produktu eta zerbitzu guztiak. Dena bertan, gertutasunak bakarrik eskaini ahal dizkizun erraztasunarekin eta konfiantzarekin", adierazi dute agerraldian. Hori dela eta, datozen asteetan arrosa koloreko hainbat maniki ipiniko dituzte erakusleihoetan, Dena bertan! dioten goiburuekin eta mezuekin.
Plataforma erraldoien kaltea
Joan zen asteburuan, margoketez josita esnatu ziren komertziotako erakusleihoak. Banaketa etxe erraldoi eta ezagun baten kontrako mezuak agertu ziren pintatuta hainbat komertziotan. Handik egun gutxira, merkatariek jakinarazi zuten eurak izan zirela pintaketen egileak. Ekintzagaz arreta pizteko asmoa izan zuten, erosleei "tokiko merkataritzaren inguruko kezka" helaraztekoa. Hain zuzen ere, dendariek interneteko plataforma erraldoiek dakarkien "arriskua" azpimarratu dute: "salmenta beherakada" igarri dute azken urteotan. Hor kokatu dute Dena bertan! kanpaina, beharrezkoak diren produktu eta zerbitzu guztiak eskualdean topatu daitezkeela dioena.